2018-03-01 13:57

Hezkuntzak oso paper garrantzitsua jokatzen du gure gizartean. Gure garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna garrantzitsua da zalantzarik gabe. Baina gure gizartean, kapitalismoaren egitura produktiboa eta zaintza lanak egituratu ere egiten ditu. Pentsa bestela zer nolako arazoak suertatzen zaizkigun greba egun horietan gure haurrak zaintzeko. Eskolak (eta gizarteak) funtziona dezan, ohiko irakaskuntza lanaz gain, sarritan bigarren mailan edo ezkutuan geratzen diren beste lan asko ezinbestekoak dira: haur txikienen garbiketa, elikadura eta heziketa zein zaintza lana, premia berezia duten ikasleen laguntza eta heziketa zein zaintza, milaka haurren bazkaria prestatzea, bazkaltzen laguntzea, eskolara laguntzea, eguerdiko tartean beraiekin jolastu eta beraietaz arduratzea, gure ikastetxeko zoruak, paretak, mahaiak, komunak garbitzea... Zaintzari loturiko lanak izaki, eta lanaren banaketa sexualak ezarritako rolei jarraituz, ia bere osotasunean emakumeok betetzen ditugun lanpostuak dira. Eta “kasualitatez” lan-baldintzarik okerrenak dituztenak.

Irakasleen artean %74 emakumeak dira. Baina zaintzarekin gehien lotzen diren etapetan, Haur eta Lehen hezkuntzan, alegia, %84 dira emakumeak. Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketan aldiz “soilik” irakasleen %61. Eta berriro ere, a zer zorte txarra emakumeona! Izan ere Haur eta Lehen Hezkuntzan soldatak Bigarren Hezkuntzan baino %13 txikiagoak dira, gutxienez 4.900€ txikiagoak, alegia.

Bereziki prekarioak dira, ordea, sukalde eta garbiketa, heziketa berezia edo 0-2 urteko hezkuntza tartea. Ia bere osotasunean, %90etik gora, emakumez osaturiko sektoreak, hain zuzen ere.

Esaterako, hezkuntza publikoan sukalde eta garbiketa zerbitzuaren %90etik gora pribatizatua dago jada, diru publiko eta emakumeen lan-baldintza kaxkarren bizkar negozioa egiten duten enpresen esku, alegia. Eta oraindik pribatizatzeke geratzen den zatian behin-behinekotasuna %64koa da, lan-kargak geroz eta handiagoak eta soldatak sektore publikoko baxuenak dira (hezkuntzako bataz besteko soldatak baino %35 txikiagoak, gutxienez 12.000€ baxuagoak), murrizketen ondorioz %12ko eros-ahalmen galera izan dute (2010etik 18.000 €tik gora) eta ardura handiko funtzioak bete arren ez dute inolako aitortzarik. 70 kontratutik gora 9 hilabeteko lege-iruzurreko kontratuak dira eta hauetariko batzuk 2, 3 edo 4 orduko jardunaldikoak.

Hezkuntza Publikoko Heziketa Bereziko langile eta hezitzaileen %58 behin-behinekoa da. Bostetik batek jardunaldi partziala du. Emakume hauetariko askok asteko 35 orduko lanalditik erabat urruntzen diren lanaldiak dituzte, asteko 37,5 ordu edo gehiago lan egiten dituzte, kasu batzuetan 40, 42 baita 45 ordu ere, enplegua eta bizi pertsonala uztartzea zailduz. Gainera lan-kargak eta lanaren konplexutasuna nabarmen hazi dira. Ordezkoek, ia urte osoan lan egin arren ez dute uda kobratzeko eskubiderik. Hezkuntza lana egin arren hezkuntzako bataz besteko soldatak baino %22 gutxiago kobratzen dute (gutxienez 7.900€ gutxiago) eta murrizketen ondorioz %12ko eros-ahalmen galera izan dute (2010etik 23.000€tik gora). Itunpeko ikastetxeetan hezitzaileen egoera berdina edo are okerragoa da. Kasu gehienetan ez daukate inolako aitorpenik, langile ikusezinak dira eta apenas aitortzen zaie heziketa lana, zaintza lanera mugatuz.

Haurreskola eta 0-2 urteko hezkuntza tarteari ere apenas aitortzen zaio heziketa lana. Heziketarako hain garrantzitsua den etapa hau, praktikan, zaintza zerbitzu soiltzat hartua da administrazioaren aldetik, bai inbertsioan, bai baliabideetan, baita lan-baldintzetan ere. Itunpeko ikastetxeetan aparteko langile moduan tratatzen dituzte, oso lan-baldintza eskasekin eta inolako aitortzarik gabe. Haurreskolak Partzuergoan ehunka emakumek galdu dute lanpostua azken urteetan edo beren lanpostutik toki-aldatuak izan dira. %41ek behin-behineko kontratua dute, beren lanpostuetan inolako ziurtasunik gabe. Lan-kargak nabarmen handitu dira azken urteetan. Funtsezko heziketa lan egin arren hezkuntzako bataz besteko soldatak baino %12 gutxiago kobratzen dute (gutxienez 4.100€ gutxiago) eta murrizketen ondorioz %9ko eros-ahalmen galera izan dute (2010etik 17.300€tik gora). Honez gainera, Haurreskolak Partzuergoaren eta bertako langileen etorkizuna bera ere jokoan dago hileko kuota altuen ondorioz (210€ hilean) eta azken urteetan ematen ari den matrikulazio beherakadaren ondorioz. Praktikan zerbitzuaren unibertsaltasun eta publikotasuna bera ere guztiz mugatuz.

Egoera honen aurrean, bai Eusko Jaurlaritzak baita itunpeko irakaskuntzako patronalek ere, ez dute egoera honi buelta emateko inolako asmorik agertu. Hezkuntza Publikoan 5 greba egin ondoren, gobernuak apenas jarri du egoera hau aldatuko duen proposamenik. Jaurlaritzak enpleguan emakumeen diskriminazioa eta soldata arrakalari aurre egin nahi dionaren itxura eman nahi duen arren, bere ardurapeko eremuetan azaldu dugun egoera hau sortu eta mantentzen du. Egoerari buelta emateko grebara joatera behartu gaitu sindikatuok, baina behin eta berriro mahai gainean jarri ditugun proposamenei muzin egin die oraingoz.

Egoera honen aurrean, itunpeko irakaskuntzako langile eta modu berezian emakumeen defentsan; Hezkuntza Publikoaren alde eta bertako irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaileen alde eta hezkuntzako emakume langileen diskriminazioaren aurka: martxoaren 8an “emakumeok planto!” eta datorren martxoaren 14ean, 15ean hezkuntza publikoan eta martxoaren 22an itunpeko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan GREBA!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.