2020-04-22 17:55
Cristina Uriarte Sailburuak 2019-20 ikasturtearen amaierako hezkuntza plana aurkeztu du arratsalde honetan prentsaurrean. Berriz ere Jaurlaritzaren gardentasun falta eta sindikatu zein langileekiko errespetu falta salatzea dagokigu, izan ere, dagoeneko ohitura bilakatu bezala, berriz ere prentsaren bitartez jakin dute langileen ordezkariek Jaurlaritzaren asmoen berri. Apirilak 29rako sindikatuok bilera batera deitu eta aste bete lehenago prentsaurreko bidez publiko egin ditu bilera horretan azaltzekoak lirateken hainbat neurri. Are gehiago, ELAri iraingarria iruditzen zaio neurri horiek Itunpeko hezkuntzako patronalekin partekatu izana, eta gurasoen elkarte zein sindikatuekin inolako hartu-emanik ez izatea.

Gainera, gaurkoan ebaluazio irizpide eta zenbait jarraibide eta metodologiaren inguruko zenbait gauza argitu badira ere, aurkeztutako planaren barruan klase presentzialen itzuleraren inguruko erabaki irmorik ez da jakinarazi. Beraz, beste behin ere, ziurgabetasunean uzten ditu milaka hezkuntza langile eta familia. Nahiko argi geratu da dena den, Jaurlaritzaren asmoa ikasturtea amaitu aurretik zenbait ikasle klase presentzialetara bueltatzea dela.

Zentzu honetan, ikusi beharko da azkenean zein den hartzen den erabakia baina ELAk gogor ekingo dio hezkuntza komunitate osoaren osasun eta segurtasuna eta beraz, baita gizarte osoarena ere arriskuan jar dezaketen planteamenduen aurka.

ELA-ren ustetan, konfinamendu osoa ezartzea birusaren propagazio edo zabaltzea frenatzeko ezinbesteko neurria izan da eta beste erabaki bat hartu aurretik hezkuntzako langile zein ikasleen osasuna bermatzeko neurriak argi izan behar dira. Alemanian unibertsitaterako hautaproba egiteko hartutako prebentzio neurriak ikustea besterik ez dago honen zailtasuna ikusteko. Osasuna bermatzeko neurriak eztabaidatu gabe ikasturtea martxan jarriko dela jakitea fribolitate hutsa da.

Horregatik, Jaurlaritzari galdegiten dio, egoerari normaltasun itxura emateko ahalegina baztertu eta hartzen diren neurriak beharrezko arduraz har ditzala.

ELAren iritziz, datorren ikasturtera begira  ezohikoa izango den ikasturte horri begira, are eta indar gehiagorekin aldarrikatu behar ditugu besteak beste hezkuntza inbertsioa gehitzea, plantilak indartu, ratioak jaitsi, eta behin behinkoen egonkortasun erreala ekarriko duen kontsolidazioa... Eta noski, guzti hau, estatuko ezarpenetatik aldendu eta bertako beharrei erantzunaz eraikitako sistema propioarekin.

Azkenik, ELAk Eusko Jaurlaritzaren autoritarismoa eta harrokeria salatzen ditu. Aste honetan Elkarrizketa Sozialaren mahaia deitu duten berdinek, sindikatuak erabat baztertzen dituzte. Hau da Eusko Jaurlaritzaren benetako elkarrizketarako asmoa, komunikabideei begira astelehenetan argazkia, eta erabakiak hartu behar direnean aldebakartasuna.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.