2019-05-06 14:27
Segregazioaren arazoaren aurrean Eusko Jaurlaritzak aniztasunaren kudeaketa egoki bat egitetik urrun, dauden desorekak areagotzen dituen erabakiak hartzen ditu. Azken urte hauetan jatorri ezberdinetako ikasleak eskolatzerakoan sortzen ari diren desorekak ekiditeko ez du inolako neurririk hartu, horrela hiri, herri edo auzo batzuetan segregazio egoera nabariak sortuz, bereziki Eskola Publikoaren kaltetan. Iazko azaroan aurkezturiko “Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak” azterlanean jasotako neurriek apenas izan dute eraginik egoera bideratzen hasteko.

Hezkuntza Sailak egoera honi aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak ez hartzeaz gain, ELAri bereziki larria iruditzen zaio jatorri ezberdinetako ikasleen eskolatzean desorekak areagotzen dituen erabakiak hartu izana. Horren adibide garbia da Ordizian gertatu dena:

Bertako Eskola Publikoan, Haur eta Lehen Hezkuntzan, Euskal Herrian jatorria duten familietako ikasleak %63 dira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak, %37. Herrian eskolatzen diren jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %87k Eskola Publikoan egiten dute eta %13k, Ikastolan. Haur Hezkuntzan desoreka oraindik ere handiagoa da, Euskal Herrian jatorria duten familietako ikasleak %53 baitira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak, %47. Jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %89 Eskola Publikoan eskolatzen direlarik eta %11, Ikastolan.

Egoera hau izanik, iaz Hezkuntza Sailak 2018-19 ikasturterako Ordiziako Jakintza Ikastolak 3 urteko mailan 3. gela ituntzeko egin zuen eskaera atzera botatzea erabaki zuen eta planifikaziotik kanpo geratzen ziren 11 ikasleak familiek aukeraturiko Lazkaoko San Benito Ikastolan matrikulatzea. Orain jakin dugu, ordea, 1/2018 matrikulazio dekretuaren irizpideak urratuz, Hezkuntza Sailak 11 ikasle horien matrikulazioa aldatu eta Jakintza Ikastolan matrikulatu dituela. Eta horri jarraituz, Jakintza Ikastolak 2019-20 ikasturterako 4 urteko mailan 3. gela ituntzeko egin duen eskaera behin-behinean onartzea erabaki duela, baita 2019-20 ikasturterako 3 urteko mailan ere 3. gela ituntzeko asmoa duela ere.

Pasa den astean bildu zen Gipuzkoako Onarpenerako Berme Batzordean jakin dugu gainera, erabaki guzti hauek Lakuak hartu dituela Gipuzkoako Ordezkaritzako 2 teknikari ezberdinen 4 txosten negatiboren kontra, telefono dei baten bidez txosten teknikariek diotenaren justu kontrakoa egiteko aginduz. ELAtik jokamolde hauek gogor salatu nahi ditugu, izan ere, oso larritzat jotzen baitugu aurretik deskribaturiko segregazio egoera baten aurrean, desorekak gutxitzeko neurriak hartu beharrean hauek areagotzen dituzten neurriak bultzatzea.

Sindikatuak Hezkuntza Sailari exijitzen dio Hezkuntza Publikoa larriki kaltetzen duten erabakiak bertan behera utzi eta auzo eta herrietako elkarbizitza, aniztasunaren kudeaketa egokia, berdintasuna eta inklusioa bultzatuko duten neurri zehatz eta eraginkorrak abian jartzea. Oinarrizko eskubideak, justizia soziala eta gizarte integrazio eta inklusioa jokoan daude.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.