2018-12-12 15:44
Egun, EAEko hezkuntza publikoan lanean diharduten 27.220 irakasleetatik 10.823 behin-behinekoak dira, hau da, %40a. Beraz, ikasturte honetan behin behinekotasunak gora egin du, %38tik %40raino, hau da, 1.123 behin behineko gehiago ditugu aurten irakasleen kidegoan. Gainera, langile hauetariko asko aspalditik daude egoera prekario honetan. Eusko Jaurlaritzak prekarietatea betikotzeko EPE proposamenak eta ehunka irakasleren lanpostuak kolokan jartzen dituen planteamenduak berehala bertan behera uzten ez baditu ELAk mobilizazioetara joko du.

2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGTrekin sinaturiko akordioan 2017-2020 legealdirako kasurik onenean 5.500 plazako EPE dealdiak egiteko asmoa jasotzen zen. Honek behin-behinekotasuna onartezina den %28an utziko luke, hau da, azken bi ikasturteetan, Steilas eta LAB sindikatuekin batera aurrera eramandako greba eta mobilizazioetan aldarrikatutako %6ko behin behinekotasunetik oso urrun.

Honi gehitzen zaio Eusko Jaurlaritzak aplikatzen duen muturreko ratioen politika. Hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 2.388 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin.

Testuinguru honetan ELArentzat inola ere ez da nahikoa Hezkuntza Sailak mahai gainean jarri duen 2019rako EPE proposamena. Bestetik, hainbat aldaketa proposatu ditu Jaurlaritzak EPE prozesu honetarako, baina hauetariko bat oso larritzat jotzen dugu: EPEa gainditu baina lanposturik lortzen ez dutenei ateratzen duten nota X5 zerrendetan meritu moduan baloratzea. ELArentzat onartezina da EPEa gainditzeagatik merituak kontatzea egoera normalizatu batetan egongo bagina bezala. Izan ere, Jaurlaritzak urteetan ez du inolako EPE deialdirik egin, eta egin dituenean oso plaza gutxi atera ditu lehiaketara, etengabe behin behinekotasuna areagotuz. Hezkuntza sistema larriki kaltetzen duten erabaki hauek sorturiko ondorioak konpontzeko gobernuak milaka interino eta ordezko “erabili” ditu urte askotan, behin-behineko kontratuekin, modu prekarioan. Proposamenak milaka irakasleren lana baliorik gabe utz dezake, eta ordezkoen zerrenda osoa hankaz gora jarri. ELArentzat onartezina da honelako proposamenak egitea, are gehiago aldez aurretik lanpostuak kontsolidatzeko inolako planik adostu gabe, urte luzetan hezkuntzan modu prekarioan lan egitera behartu eta beraietaz probestu den milaka irakasleren lana arriskuan jarriz.

Bestetik, gaurko Planifikazio Batzordera orain arte 2018ko maiatzean Jaurlaritzak Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatutako akordioan jasotzen zen Jarraipen Batzordean ELAren negoziazio kolektiborako eskubidea eta eskubide sindikalak urratuz negoziatzen aritu diren “bitarteko langileen egonkortasunerako dokumentua” ekarri du Jaurlaritzak. Egonkortasun planteamentu hau gaur egungo behin behinekotasun eta prekarietatea bere horretan mantendu, areagotu eta betikotuko lukeen partxe txar bat da. Sistema honek onartezina den eta gorantz doan behin behinekotasuna kudeatzea du helburu, ikastetxeei egonkortasuna emanez langileen lan baldintzak oraindik gehiago prekarizatuz. Eusko Jaurlaritzaren neurrira egindako trajea da: eskuak libre uzten dizkio interinoen lanpostuak suntsitzeko matrikulazioaren beherakada etortzen denean. Gainera, partxe txar bat den heinean gabezia eta arrisku asko ditu. Lanpostuen banaketa injustu batetara eramango gaitu proposamen honek, izan ere, antzinatasun eta puntu asko dituztenak bakanterik gabe gera daitezke, puntu gutxiago dituztenak bakante hoietan egonkortuta dauden bitartean. Bitarteko gehienak finkatuta egotea suposatuko lukeenez, bitarteko batek lanpostua “galtzen” badu (matrikulazio beherakadaren ondorioz lanpostu hori suntsitzen dutelako, lanpostu horren titularra itzuli delako, edota EPE bidez edo lekualdatze lehiaketa bidez beste karrerako funtzionario batek bete duelako, etab.), zerrendetara itzuliko da eta lanpostu huts gehienetan bitartekoak finkatuta egongo direnez, zerrendara itzuli behar izan duenari askoz lanpostu gutxiago geratuko zaizkio hautatzeko, agian ordezkapenak egin beharko dituelarik, nahiz eta puntuazio ona eduki zerrendetan. Ikastetxeetako ekipoak eta proiektuak langileen kontura egonkortu nahi dituzte.

ELAren aburuz badago alternatiba benetako arazo larri den behinekotasunari irtenbide egoki bat emateko: Ikastetxeen eta hezkuntza sistemaren behar estrukturalak lanpostu estrukturalekin bete behar dira eta behin-behinekotasunarekin amaitu, kontsolidazio bermeak izango dituen behar besteko EPE deialdi bidez. Beraz, lehenengo behar estrukturalak ondo definitu behar ditugu, beharrezko lanpostu guztiak sortu, behin-behinekotasuna %6ra jaitsiko duten kontsolidazio EPEak diseinatuz eta berriro ere behin behinekotasun maila ikaragarri hauek errepikatzea ekiditeko beharrezko neurriak hartu behar dira.

Hau honela, egonkortasun proposamen hau eta EPEko nota merituetan baloratzearen neurria berehala bertan behera utz dezala eskatzen diogu Jaurlaritzari, behin-behineko langileen prekarietatea areagotu eta lanpostuak arriskuan jarri besterik ez baitu egiten. Hau horrela izan ezean, ez dugu mobilizazioara jotzea beste biderik izango.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.