2020-05-07 15:11
Prentsaurrekoa baino ordu pare bat lehenago kurtso amaierarako plangintzaren berri izan badugu ere, begi bistan dago hori ez dela inola ere sindikatu eta eragileek azken egunotan aldarrikatu eta galdegin dugun eredua. Izan ere, behin eta berriro ELA eskatzen ari da neurri eta erabakien plangintza negoziatua izatea eta kasu honetan berriro ere agerian geratu da borondate falta hori. Hala salatu dugu guarko bileran eta Hezkuntza sailari berriro galdegin diogu inposaketak alboratu eta langileen ordezkariekin negoziatutako prozesuak abian jar ditzala.

Plana ikasturte amaierara mugatzen da, datorren ikasturterako inolako aurreikuspenik gabe jarraitzen dugu beraz. Planaren arabera, DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleen ikasketa presentziala abian jarriko da Maiatzak 18tik aurrera. 0-1 etapako ikasleei dagokionez haurreskolak zein itunpeko ikastetxeak irekiko lirateke baina data zehatzik zein segurtasun neurri eta antolaketa plan konkreturik erabaki gabe dute oraindik.

Itzulera presentziala aurrera eramateko orduan hartuko diren segurtasun neurrien inguruan, DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketaren kasuan neurri batzuk plazaratu diren arren (besteak beste 1,5mko distantzia mantentzea bermatuko duten ratioak), faltan bota ditugu funtseskoak diren neurri batzuk, besteak beste temperatura hartzeak ezartzea edota ikastetxeen aurreztiazko desinfekzioa gauzatzea.

0-1 etapari dagokionez, gehiago dira oraindik ere galderak erantzunak baino. ELA- tik salatu nahi dugu etapa honetan zentruak irekitzearen erabakiak ez duela hezkuntza komunitatearen osasun eta segurtasuna lehenesten eta erabakiaren atzean ez dagoela inolako irizpide pedagogikorik. Gurasoen kontziliaketa ahalbideratze aldera hartutako erabakia baino ez da eta aurrez salatu bezala, bestelako alternatibak planteatu beharrean, (hala nola, baimen ordainduekin etxean zaintza lanean geratzeko aukera) irekiera lehenetsi duela Jaurlaritzak, langile eta ikasleen osasuna arriskuan jarriz eta adin horretako haurren beharrak asetzen diren aintzat hartu gabe. Bestalde, publiko egindako dokumentuan  haurreskolei buruz aritzean “hezkuntza sistematik at” dagoen etapa bati buruz ari dela jasotzea erabat larria da, eta tamalez hezkuntza sailak etapa hau zerbitzu asistentzial huts bezala ikusten duela uzten du agerian.

Azkenik, bereziki larria eta kezkagarria da ikastetxeetan jarduna berrabiarazteko hartu beharreko neurriak gauzatu ahal izateko, bai ikasturte amaiera honetarako eta baita datorrenaren hasierarako, beharrezko izango diren giza baliabideei zein baliabide materialei  buruz galdetuta, Hezkuntza sailak erakutsi duen aurreikuspen eta planifikazio falta.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.