2020-04-08 18:27
Gaur egindako bileraren ondoren, Eusko Jaurlaritzak ziurgabetasun-egoeran mantentzen ditu aurreikusitako irakaskuntza publikoko lan-eskaintzarako hautagaiak. Datarik ez du zehazten, aurten egitearen aldekoa den arren. Gaurko bileran Jaurlaritzak jakinarazi duenez, EPE deialdia aurreikusitako datan burutzea ezinezko izanik, deialdia atzeratu egingo da. Hala izanik ere, data zehatza erabaki gabe dagoela esan du eta aurten egiteko aukeraren aldekoak direla aitortu dute. ELA-k onartezina ikusten du gaur gaurkoz data zehatzik ez planteatzea eta Jaurlaritzari exijitu dio gehiago itxaron gabe berme gehien dituen data mahai gainean jar dezala. Erabakia berandu eta gardentasun falta handiz kudeatzen ari dela salatu dugu eta ondorioz Jaurlaritzak milaka hautagaien kalteak areagotzeaz gainera, hezkuntza sistema bera ere kaltetzen ari dela azpimarratu dugu.

Horrez gain, ELA-tik gaurkoan ere adierazi dugu, prozesuaren atzerapenak beste aukera bat ematen duela hezkuntza sisteman pairatzen dugun behin behinekotasun tasa onartezinarekin amaitzeko kontsolidazio prozesu negoziatuak abian jartzeko. Europako azken sententziak berretsi bezala, behin behineko langileen erabilpen abusiboa egin da. Bada garaia Jaurlaritzak ere honen aurrean beharrezko neurri eraginkorrak hartzeko eta Estatuaren aurrean bere hezkuntza eskumenak babestu eta benetan gure behar eta egoeraren araberako oposizio eredua zein lanpostuen kopurua deitzeko. Behin behinekotasun tasa onartezin honen aurrean, “egonkortasun” agindua bezalako partxeak baztertu eta behin behineko bezala lanean diharduten langileei begirako kontsolidazio prozesuak negoziatu eta etorkizunean egoera bera ez errepikatzea bermatuko duten mekanismoak ezartzeko galdegin diogu beraz. Jaurlaritzatik ordea gure iritziaren kontra, argi utzi dute ez dutela kontsolidazio prozesuetan sartzeko inolako intentziorik eta “egonkortasun” aginduarekin aurrera jarraitzeko intentzioa duela.

Bestalde, Alarma egoera martxan jarri eta berehala Jaurlaritzak hezkuntzako prozesu desberdinen epeak eten eta ordezkapenak ez egiteko erabakia hartu bazuen ere, jakinarazi digu irizpidea aldatu eta ordezkapen batzuk gauzatzeko agindua eman duela, baina soilik ezinbesteko den kasuetan eta zuzendaritzetatik hala eskatzen denean.

ELA-ren ustez, gauden egoera kontuan izanik eta langileek duten gain karga ikusirik, kasu honetan ere guztiz ezinbestekoa da ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea eta hala exijitu diogu Hezkuntza sailari, milaka irakasle zein hezitzaile egiten ari diren esfortzua aldarrikatzeko aprobetxatu dugu eta baita ordezkoen eskubideak zein ordezkogaien araudia errespetatzea eskatzeko. Hezkuntza jarduerak aurrera darrai eta Jaurlaritza jarduera horren kalitatea eta langileen lan baldintzak bermatzearen erantzule da.

Azkenik, gainerako prozesu administratiboetan epeak geldirik egoteak sortarazten digun larritasuna adierazi dugu, izan ere prozesu horiek garaiz ez egiteak ondorio larriak izan baititzake. ELA-n guztiz ezinbesteko ikusten dugu datorren ikasturtera begirako esleipen prozesuak behar bezala egitea, eta horretarako Lanpostu Zerrendak ondo zehaztuta eta hornituta egotea. Ez ohiko egoera honek, agerian utzi du berriz ere zein garrantzitsua den plantilak indartu eta egonkortzea zein ratio politika guztiz aldatzea.

Guzti honekin beraz, ELA-tik Jaurlaritzari galdegin diogu bere erabakiak ahalik eta azkarren, erantzukizunez eta hezkuntza sistemaren kalitatea zein langileen baldintza eta eskubideak bermatze aldera hartu ditzala.

 

 

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.