2022-05-20 15:12
ELAk elkarretaratzea burutu du Lakuan irakasleen mahai aurretik egoera salatzeko, eta eskoletan mobilizazio eta grebak sustatzeko lanketan jarraituko du

ELAk elkarretaratzea egin du gaur Lakuan, sindikatuak mahai negoziatzailera deituta zeudela aprobetxatuz. Gaurko mahaian argi geratu da Hezkuntza Sailak 13.000 behin behineko irakasleren kontsolidazioa ez duela bermatu nahi eta negoziaketa mespretxatuz langileen ordezkariekin adostu gabeko alde bakarreko erabakiak hartu nahi dituela.

Urtetik-urtera gutxienez 13.000 irakasle behin-behineko egon arren, kontsolidazio prozesuetan 3.400 lanpostu inguru bakarrik eskaintzeko planteamenduan berretsi da. 9.600 behin behineko irakasle kontsolidazio aukeratik at uzteko prest dago beraz.

Honi, langileen ordezkarion adostasunik gabe indarrean jarri nahi dituen beste hainbat erabaki gehitzen zaizkio: zerrenda lehenetsien sorrera, lehentasun-eskubidea mantentzea, ikastetxean egin beharreko lan-orduen igoera, uztaileko erregimenaren aldaketa, etab. Era berean, funtseskoak diren beste hainbat gai ez dira mahaigaineratu ere egiten: galdutako eros-ahalmenaren berreskuratzea, erretiroa edo lan-osasuna.

Egoera honen aurrean, ELAk mobilizazioaren eta borrokaren beharra aldarrikatzen du eta grebetarako bidea lantzen eta sustatzen jarraituko du. Hezkuntza Saila sindikatuokin negoziazio kolektibo erreal bat martxan jartzera behartu behar dugu. Hori da kontsolidazio prozesu erreal bat, 10.000 lanpostu eta prozesu bermatzaileekin, eta langileon lan-baldintzak bermatzeko eta hobetzeko bidea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.