2020-05-15 17:11
Astelehenetik aurrera, Lanbide Heziketako ikasleak, enpresetan gauzatzen dituzten ikasketa praktiko presentzialetara bidaltzeko jarraibidea eman du Hezkuntza Sailak. ELAk, egoera negoziatu eta aztertu arte, emandako jarraibidea atzera botatzeko galdegiten dio Hezkuntza Sailari, ikasle hauen ikasketa prozesuak kalterik ez izateko bideak jorratzeko eskaerarekin batera. Ikastetxeetako zuzendaritzei berriz, Astelehenetik aurrera ikasle hauek praktiketara bidaltzeko kudeaketarik ez egiteko.

Azken egunotan ikastetxeetara presentzialki itzultzeko aukeraren inguruan Hezkuntza Saila egiten ari den kudeaketa erabat arduragabea eta inprobisatua izaten ari da. Ikasketa presentzialetara itzultzeko “planak”, zehaztugabetasuna,  prezipitazioa eta aldebakartasuna ditu ezaugarri nagusitzat. Pasa den Ostegunean, Maiatzak 18tik aurrera ikasketa presentzialetara itzultzeko bere “plana” aurkeztu zuenetik, argi geratu da langile, ikasle eta gainerako hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzeko baldintzarik ez dela ematen gaur gaurkoz.

Hezkuntza komunitate osoaren kritika eta desadostasunaren eraginez, etengabekoa izan da egun hauetan Hezkuntza Sailaren irizpide aldaketa. Azkena atzo bertan  komunikabideen bidez jakin genuena, Maiatzak 18an jardun presentzialari ekin ahal izateko aukera, Maiatzak 25era atzeratzen dela alegia.

Gaur bertan ordea, Lanbide Heziketari dagokionez, Lanbide Heziketako ikasleak, enpresetan gauzatzen dituzten ikasketa praktiko presentzialetara bidaltzeko jarraibidea helarazi du Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako ikastetxeetara.

Hasieran aipatutako kontestuan, eta atzo Hezkuntza Sailak publiko egindako azken erabakiaren testuinguruan, erabaki hau hartu izana ulergaitza eta erabat arduragabea da. Ikasle hauen osasuna kaltetua suertatzen bada, enpresak edota ikastetxeak izan dezakeen arduraz haratago, erantzunkizun nagusia hezkuntza sailarena izango da.

ELAk, egoera negoziatu eta aztertu arte, emandako jarraibidea atzera botatzeko galdegiten dio Hezkuntza Sailari, ikasle hauen ikasketa prozesuak kalterik ez izateko bideak jorratzeko eskaerarekin batera. Ikastetxeetako zuzendaritzei berriz, Astelehenetik aurrera ikasle hauek praktiketara bidaltzeko kudeaketarik ez egiteko.

Egoera honen aurrean, ELA sindikatua gainerako sindikatuekin, ikasle sindikatuekin zein famili elkarteekin harremanetan jarriko da egoera aztertu eta elkarbanatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.