2018-05-04 16:07

Gaurko bileran Eusko Jaurlaritzak apirilak 18ko mahaira ekarritako proposamenari aportazio gehigarri batzuk egin dizkion arren, funtsean aurrekoa berretsi egin du. Proposamen honek ez dio hezkuntza publikoko egoera larriari ez eta langileen aldarrikapenei ere erantzuten. Horrela:

.- EPEra 5.500 lanpostu ateratzeko proposamena berretsi du, hauetatik 500 estatu mailan sinatutako akordioa indarrean sartzera baldintzatuta. 500 lanpostu inguru gehiago EPEra ateratzeko aukera aipatu du, baina inolako konpromezurik hartu gabe eta aukera honen azterketa etorkizuneko batzorde batera desbideratuz.

 Beraz, ziurra ez den neurri bat izateaz gain, kontuan izanik 9.800 behin behineko daudela (%38ko behin-behinekotasuna), Jaurlaritzaren proposamenak behin-behinekotasun tasa %28an utziko luke legealdiaren amaieran, sindikatuok aldarrikatutako %6tik erabat urrun eta gainera urte luzeetan behin behinekotasunean lan egitera kondenatuak izan diren langileei lanpostua kontsolidatzeko aukera bermatuko dien formularik lotu gabe.

.- Plantillei dagokionez, hezkuntza publikoan, matrikulazioaren ondorioz sortu ez diren gela kopuruengatik behar baino 1.800 lanpostu gutxiago ditugu eta gelako ikasle kopurua %9,1ean hazi da. Alde batetik egoera honi oso modu mugatuan erantzuten dion proposamena mantentzen du Hezkuntza Sailak ( Lanbide Heziketan 80 lanpostu berri ren sorrera legealdi osorako eta  Haur Hezkuntzako  3 urteko geletarako soilik irakasle erdi eta irakasle ta erdi bitarte gehiago esleitzea  talde kopuruaren arabera eta beti ere 20 ikasletik gorako batazbesteko ratioa baldin badago). Bestalde, Lehen Hezkuntzan tutoretza bikoitza ezartzearen proposamena bertan behera utzi eta etapa honetarako  Hezkuntza beharren indizea delako baten lanketan dihardutela aipatzen du hezkuntza beharrak identifikatu eta beharrezko jotzen duenean laguntza gehigarriak esleitzeko. Lehen Hezkuntzan abian jarri eta bere ondorioak baloratu ondoren DBHn ere aplikatzeko aukera aipatzera mugatzen da proposamena.

Honela, printzipioz 2010 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera  bere horretan mantenduko litzateke, ikastetxe guztietan dagoen gehiegizko ratioen egoera orokortuari irtenbiderik eman gabe, honek hezkuntza prozesuaren garapenean sortzen dituen arazoekin. ELAk behar bereziak dituzten ikastetxe edota ikasgelei baliabide gehigarriak ematea defendatzen du noski, baina beti ere behin ratio igoera orokortuaren arazoari ere irtenbidea ematen bazaio, eta indize horren zehaztapenerako irizpideak ezagunak, adostuak eta gardenak badira.

.- Irakasleek %15eko eroste ahalmenaren galera izan dute, honek 32.000 eta 41.100 € bitarteko galera metatua suposatzen du kidegoaren arabera. Eros ahalmen hori berreskuratzeko inolako planteamendurik ez da jasotzen proposamenean.

.- Sindikatuen aldarrikapen den erretirorako pizgarriak berreskuratzeari buruz ere, ez da inolako aurreikuspenik jasotzen.

.- Bajak zigortzeari dagokionez, ez dago bermedun inolako proposamenik.

Abian jarri dugun greba eta mobilizazio dinamikak behartuta Hezkuntza Sailaren proposamenetan aurrerapausoak ikusten joan bagara ere,  azken urteetan hezkuntza publikoan jasan ditugun murrizketa basatiak atzera botatzetik eta lehengo egoerara itzultzetik oso urrun dago Jaurlaritzak mahai gainean jarritako azken proposamena. Era berean, langileok grebei emandako babes zabalak argi erakusten du mobilizazioa erabat osasuntsu dagoela eta Hezkuntza Sailaren aldetik proposamen askoz hobeagoa lortzeko baldintzatan gaudela. 

Jaurlaritzak aldiz gure aldarrikapenei erantzun gabe, oso modu eskasean erantzunda edo funtseskoak diren gaiak etorkizuneko batzordeetara desbideratuz, ikasturtea mobilizaziorik gabe amaitzea, eta hurrengo ikasturterako ere mobilizazioa desaktibatzea du helburu.

 Sindikatuok argi utzi genuen apirilak 23ko asterako grebak etengo genituela apirileko bileran Jaurlaritzak gure aldarrikapenei erantzuten zion ikusi arte, eta horrela izan ezean maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez genuela izango.

Hau dena kontuan izanda,  ELAk mobilizazioekin jarraitzearen alde egingo du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.