2018-02-05 12:59

 

Pasa den irailaren 25ean, irakaskuntza publikoko mobilizazioen erdian, Hezkuntza Sailak balizko Hezkuntza Lege baten oinarri izan nahi duen Hezkuntza Itun zabala lortzeko prozesua iragarri zuen lau haizetara. Bileran, parte-hartze itxura emateko, hezkuntza eragile ezberdinak bildu zituen arren, landu beharreko eremuak (bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntza modernizatzea eta ikastetxeen autonomia) eta lan-talde bakoitzeko kideak jaurlaritzak berak erabaki ditu, inolako aldaketa aukerarik eman gabe. Hau da, eragile ezberdinetako parte hartzaileak eta zein taldetan parte hartu gobernuak erabaki ditu, eragileoi non parte hartu nahi genuen hautatzeko aukerarik eman gabe. Hezkuntzako esparru guztietan oso ordezkaritza zabala dugun eragileoi eta eremu oso konkretu eta partzialetan edota apenas ordezkaritzarik ez duten eragile eta pertsonei ia ahots eta proposamen gaitasun bera eman zaie.

ELA erabat prest dago gure hezkuntza sistemaren inguruan sakon hitz egiteko, eztabaidatzeko eta momentu honetan ditugun arazoei irtenbide adostua bilatzeko. Baina jaurlaritzak ezarri duen prozesuak eduki eta prozeduraren inguruko gabezia larriak ditu.

Lehenik eta behin, Hezkuntza Sailak oraindik ez du publikoki agertu zein den beretzat hezkuntza sistemaren ardatza eta bere lehentasunak non dauden eta nola pentsatzen duen horri aurre egitea. Esaterako, ez du argitu hezkuntza publikoa indartu eta ardatz izango duen hezkuntza sistema bultzatuko duen edo egungo egoera bere horretan mantentzeko asmoa duen. Hezkuntzaren inbertsio eta finantziazio eredua mantenduko duen ala Europa iparraldeko eredu, inbertsio eta finantzaziorako aukerarik badagoen.

Hezkuntza Saila ez da edozein eragile eta prozesu honetan duen erantzukizuna eta boterea ez dira gainerako eragileon parekoak. Beraz, prozesua hasi aurretik bere hezkuntza eredua eta asmoak argitzea ezinbestekoa da. Bestela, prozesuak agenda ezkutua izateko arriskua du, prozesuak gobernuaren isileko asmoak betetzen baditu babes moduan erabiltzekoa eta kontrako interesak azaleratzen baditu alboratzekoa.

Oinarriko parte-hartze eta prozedura demokratikoen aurkakoa da taldeen edukia eta osaketa gobernuak aukeratzea, eragileoi zein taldetan parte har dezakegun mugatzea eta hezkuntzako esparru ezberdinetan presentzia eta ordezkaritza oso desberdinak ditugun eragileei pisu bera edo alderantzikatua ematea. ELArentzat, eragileok nahi dugun taldeetan eta guk aukeraturiko ordezkari bitartez parte hartzeko aukera eta hezkuntzako esparru ezberdinetan dugun presentzia eta ordezkaritzaren baitako ordezkaritza orekatua izatea ezinbesteko demokratikoa da.

ELAk behin eta berriro beretzat balizko itun batean ezinbestekoak diren eztabaida eta lan taldeak eskatu dizkio Uriarte Sailburuari.

Alde batetik gure hezkuntza sistemak dituen gabezia eta gure herrian sortzen dugun aberastasunarekiko gobernuak egiten duen inbertsio eskasa abiapuntutzat hartuta, burutuko den hausnarketa eta ondorioei bide emateko hezkuntza inbertsio publikoaren eta hezkuntza sistemak beharrezko dituen baliabideen inguruan hausnartzeko lan-taldea.

Bestetik, teorikoki hezkuntza eskuduntza osoa izanik, urte luzeetan, baina bereziki azken urteetan, espainiar gobernuak lege organiko eta oinarrizko legediaren bidez gure hezkuntza sistema txikitzea eta erabat baldintzatzea helburu duen politikari aurre egiteko lan-taldea.

ELArentzat oso garrantzitsua da hezkuntzaren merkantilizazioari aurre egin eta egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izateko bidea irekitzea (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

Azkenik, hizkuntza ereduetan oinarrituriko euskalduntzeak duen muga eta hirueleko markoa euskalduntzean ematen dituen atzerapausoak kontuan izanik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza ereduaren lanketa ezinbestekoa da.

ELAren ustez, hau egin ezean, gure hezkuntzak dituen behar eta erronkei aurre egiteko, hausnarketak benetako aldaketa estrukturalak aurrera eramateko gaitasuna erabat mugatua izango du edota ariketa teoriko batean geratzeko arriskua.

Hezkuntza Sailak ELAren proposamen eta eskakizunei muzin egin die eta ez du ez metodologian ezta edukietan ere inolako aldaketarik egin.

ELArentzat balizko Hezkuntza Itun bat helburu duen prozedura honek ez du behar adinako berme demokratikorik, jaurlaritzak betoa jarri die eragileek edozer esanda ere inola ere aldatzeko prest ez dagoen erabaki politikoei (hezkuntza inbertsio publikoaren eta baliabideen handitzeari edo gure hezkuntza sistema babestu eta garatzeko estatuarekin konfrontatzeari) eta, ezkutuko agendaren baitan, prozesuaren emaitza gobernuak bere interesen baitan maneiatzeko arriskua nabaria da.

Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen prozesu honek ez die erantzuten egungo hezkuntzaren egoerari, murrizketa politikak estali nahi ditu, oinarrizko gai eta erabakiak eztabaida publikotik atera eta oinarrizko erabaki hauek ezbaian jarriko ez dituzten gaien inguruan hezkuntza eragileekin elkarrizketa, parte-hartze eta adostasun itxura eman nahi du.

ELAk Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio hezkuntzaren inguruko benetako hausnarketa eta eztabaida publikoa ahalbidetu dezala, bere hezkuntza egitasmo eta lehentasunak agerian jarriz, benetako parte-hartze eta oinarrizko arau demokratikoak errespetatuz, inolako gairen inguruan betorik jarri gabe eta hausnarketa horien ondorioak gauzatzeko konpromiso hartuz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.