2019-05-10 09:46
ELAk greba eta mobilizazioen bidea jorratuko du, hori baita murrizketei eta prekarietateari aurre egin eta hitzarmen berri bat lortzeko bide bakarra. Lan-legepeko irakasle eta Heziketa Bereziko langileen hitzarmena 2003an sinatu eta 2004an publikatu zen; sinatu zenetik 16 urte igaro direnean, Hezkuntza Saialrentzat lan egiten duen kolektibo honen lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira.

Urtez urte hazten ari den behin-behinekotasuna %65ekoa da jada Heziketa Bereziko langileen artean (interpreteen kasuan %100ekoa, eta lan terapeuten kasuan %82koa!), eta %30ekoa irakasle laboralen kasuan. 340 lanpostu inguru Lanpostu zerrendan azaleratu gabe daude; %12ko eros ahalmen galera eman da (29.000 euroko galera metatua); hezitzaileek HH eta LHko irakasleek baino %20 gutxiago kobratzen dute (6.120 euro gutxiago) eta ez daukate udako kobrantzarako eskubide berdina, honek guztiak sortzen duen soldata arrakalarekin; lan kargak handitu egin dira, hezkuntza premia bereziak ezartzeko irizpideak gogortu, etab.

ELA sindikatutik birritan salatu dugun moduan, Eusko Jaurlaritzak krisiaren aitzakia erabili du zerbitzu publikoak oro har eta hezkuntza publikoa konkretuki deskapitalizatzeko, eta horrek eragin nabarmena izan du kolektibo honetan. Krisia hasi zenean baino aberastasun gehiago sortzen dugun arren hezkuntzan inbertsio publikoak beherantz egin du etengabe, zorraren ordainketaren mesedetan adibidez. Beraz, garbi dago zein den gobernu honen hautu politikoa: ikastetxeetatik dirua ateratzea bankuei emateko, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa bultzatuz.

ELA azken urteetan langileak antolatu eta mobilizazioak aktibatzen tematu da, argi baitugu hori dela Eusko Jaurlaritza mugiarazi eta murrizketa eta prekarietateari aurre egingo dien hitzarmen berri bat lortzeko bide bakarra. Duela bi ikasturte lortu genuen; LAB eta STEILASekin batera oso arrakastatsuak izan ziren greba eta mobilizazioak burutu genituen hezkuntza publikoko hainbat sektoretan. Zoritxarrez, mobilizazioak indar betean zeudela eta Hezkuntza Saila mugitzen hastea lortu genuenean, ELAren iritziaren kontra, desmobilizazioa ekarri zuen eta sektoreko arazo eta aldarrikapenei erantzuten ez zien akordioa sinatu zuten Jaurlaritzarekin LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk, aukera historiko bat zapuztuz. ELA izan zen greba eta mobilizazioekin jarraitzearen alde egin zuen sindikatu bakarra.

Ikasturte berriarekin argi geratu zen sektoreko arazoek bere horretan jarraitzen zutela eta batez ere, greba eta mobilizaziorik ez dagoen heinean Eusko Jaurlaritzak nahi duena egiten duela. 2018ko apirilean sinatu zuten akordio hura hitzarmen berri baterako oinarria zela eta legealdia bukatu aurretik hitzarmen berria negoziatzeko asmoa zutela esan bazuten ere, urtebetean ez da inolako negoziaziorik eman.

Aste honetan, ikasturte osoan egin zen bigarren negoziazio-mahaira Hezkuntza Sailak duela urtebete sinatutako akordioa 2003ko hitzarmenean txertatzeko testu proposamena ekarri zuen sinatzeko. Beraz, argi eta garbi geratu da, beste behin ere, Jaurlaritzak ez daukala inolako borondaterik hitzarmen berri bat negoziatzeko, eta akordio hori ez zela zoru edo oinarri bat, baizik eta tope bat. Akordio hau Jaurlaritzaren maniobra bat izan dela, gainerako sindikatuen babesarekin, hitzarmen berriaren negoziazioari ez heltzeko eta oinarrizko gaiez ez hitzegiteko. Gaurkoan, aldiz, ez zaio hain borobil irten gauza eta hau ebidentzian geratu da, ez baitute lortu hitzarmenaren moldaketa hori sinatzea, ELAk eta STEILASek ez sinatzea erabaki dutelako.

ELAk garbi dauka, beti esan izan duen moduan, greba eta mobilizazioak direla murrizketei eta prekarietateari aurre egin eta hitzarmen berri bat lortzeko bide bakarra; horregatik, bide hori jorratzen jarraituko du. Beraz, langileei antolatu eta borrokatzeko deia egiten diegu eta gainerako sindikatuei gurekin batera bide hau egin dezaten gonbidapena luzatzen diegu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.