2018-03-07 12:10

Jaurlaritzak Heziketa Bereziko mahaira ekarritako akordiorako proposamenak LAB eta CCOOen oniritzia jaso du. Akordio proposamen horrek, inola ere ez die erantzuten sektoreak dituen arazo larrienei. Sektore honetan behin behinekotasuna %58koa izanik, Jaurlaritzak egindako proposamenak behin beinekotasuna %34ean uztea suposatzen du, ia urte osoa lan egin arren ordezkoek uda kobratzeko eskubiderik gabe jarraituko dute eta plantilaren %90a osatzen duten hezkuntza laguntzaile espezialistek hezkuntzako batazbesteko soldatak baino %22 gutxiago kobratzen jarraituko dute heziketa lana egin arren.

Heziketa premia bereziak dituzten ikasleak ezartzeko irizpideak asko gogortu dira, ondorioz eman den lan kargen eta beren konplexutasunaren hazkundeari erantzuteko neurririk ez da jasotzen eta lanpostu zerrendatik kanpo, hau da modu irregularrean mantentzen dira 300 lanpostu inguru. Asteko lanaldia 37,5 ordutan finkatu bada ere, oraindik asteko 35 orduak ezartzeko konpromezurik gabe jarraitzen du Jaurlaritzak eta egun espezialisten funtzio moduan jasota ez dagoen garraioa haien funtzioa ez dela jaso beharrean, espezialistei dagokiela jasotzen da espreski ikasleak autonomía programa bat esleituta duenean. Amaitzeko, eros ahalmenaren berreskurapenari, gaixotasun bajen ez zigortzeari edota erretiroaren inguruko inolako neurririk ez da planteatzen.

Erabateko arrakasta eta jarraipena izan duten greba eta mobilizazioen ondorioz, gobernuak negoziazio mahaiak desbloketatu eta hainbat eduki partzial jarri ditu mahai gainean, fisioterapeuta, lan terapeuta eta gizarte langileen ordainsariak maisu-maistrekiko parekatzea edo gizarte fondoaren sorrera esaterako. Eduki hauek ordea, 2010 geroztik ezarritako murrizketei buelta ematetik eta gure oinarrizko aldarrikapenetatik urrun daude. Akordio proposamenak beraz, inola ere ez dio sektoreko egoera larriari erantzuten, gobernuaren abenduko proposamenarekiko ez du aldaketa nabarmenik suposatzen eta azken urteetan ezarritako murrizketa nagusiak mantentzen ditu.

Abendutik hona, Eusko Jaurlaritzak greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko saiakera besterik ez du egin, familiak bahitzea leporatuz eta hezkuntza publikoa kaltetzea egotziz. Inolako edukirik gabeko negoziazio mahai edo mahai teknikoak deitu ditu, negoziazio itxura eman asmoz.

Testuinguru honetan, ELAri tamalgarria, ikuspegi sindikaletik ulertezina eta guztiz arduragabea iruditzen zaio LABek, azken hilabete luzeetan masiboki 5 greba egin eta kalera atera diren ehunka hezitzaileri bizkarra eman eta gure aldarrikapenei erantzuten ez dion akordioa proposamen honi oniritzia eman izana. Are larriagoa LABek jaurlaritzaren estrategia hau babestea, Urkullu eta Uriarteren gobernuak berak aldebakarrez ezarritako murrizketak ere berreskuratzen ez dituen proposamena izanik eta jaurlaritzak, nahi izanez gero, aldebakarrez ezar zitzakeenean.

Hau honela, ELAk balio handia ematen dio langileek orain arte eginiko borrokari. Borroka horren ondorio izan da mahaiak desblokeatu izana eta Eusko Jaurlaritza mugitzen hastera behartzea. Horregatik, sindikatuarentzat inoiz baino garrantzitsuagoa da greba eta mobilizazioei jarraipena ematea, sektorearen egoera larriari eta gure aldarrikapenei erantzuna ematera behartzeko. Honegatik guztiagatik, ELArentzat garrantzia berezia hartzen dute martxoaren 14 eta 15 greba egunek. Eta, hezkuntzako gainerako langileekin batera, heziketa bereziko hezitzaileei dei egiten die grebetan eta antolatuko ditugun mobilizazioetan parte hartzera.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.