2021-01-22 15:46
ELAk jakin duenez, heriotzazko lan-istripu bat gertatu zen urtarrilaren 21ean, Lizartzako Basalan Arrospide S.L enpresa Ezkion egiten ari zen lanetan. Antza denez, istripua izan zuen langilea aurretik moztutako enbor baten adarrak kentzeko lanetan ari zen, eta adar batek jo zuen. Gogoratu behar dugu haize bortitza zegoela inguruan eta Gipuzkoan abisu horia aktibatuta zegoela hego-mendebaldeko haize-boladengatik, 100 km/h-ko abiadura gaindi bait zezaketen haizeguneetan. Heriotza berri honekin, dagoeneko 2 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak, lehena Gipuzkoan.

 

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan. Baso-lanen sektorea bereziki ezbehar-tasa altuko sektorea da eta tamalez, istripuek ondorio oso larriak izan ohi dituzte.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.