2018-06-13 15:28
ELAk jakin duenez, heriotzazko lan-istripu berri bat gertatu da Bizkaian, Bilboko portuan beharrean ari zen Viuda de Sainz enpresako 41 urteko langile bat zendu delarik, hain zuzen. Antza denez, kamioi batek harrapatua zendu da langilea eta ezbeharra Punta Lucero harrobi zaharraren estabilizazio lanetan gertatu da. Azken honekin, dagoeneko 24 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten dituzten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.