2020-12-11 19:20
Lan-istripu berri bat gertatu da gaur arratsaldean Azpeitiako Erraztiola Zerrategia enpresan. Antza denez, makina batek harrapatu ondoren zendu da behargina. Heriotza berri honekin, dagoeneko gutxienez 60 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak, Koronabirusak lan eremuan eragin dituen heriotza zenbaezinak kontuan hartu gabe. Aurten, gutxienez 12 behargin hil dira Gipuzkoan.

Hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazteaz harago, egun langileek jasaten duten prekarietate egoera salatu nahiko genuke; Prekarietate hau, lan erritmo jasanezin, jardunaldi amaigabe, eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio araudegiaren betegabetzeetan bihurtu ohi da, administrazioak honen guztiaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean, behin eta berriro, modu sistematikoan.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz.

Heriotzazko lan-istripu hau salatzeko elkartaratzea egingo du Euskal Herriko gehiengo sindikalak datorren hilaren 15ean, asteartea, eguardiko 12tan, Erraztiola Enpresak Azpeitiko Nuarbe auzoan duen enpresaren parean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.