2019-10-04 12:00
Gertatu zaiguna onartezina da, 7 eskari egin ditugu hiriko erdiguneko toki desberdinetan Zaintzaldiaren karpa jartzeko, eta eskari guztiak ukatu dizkigute.

Debekuen arrazoia zera izan da: guk eskaturiko esparru horietan Zinemaldiaren inguruko saioak izango ziren. Baina argazkietan ikusten denez egun horietan eta esparru horietan ez zegoen ezer antolaturik.

 

Langile grebalarion iritziz Donostiako alkate Eneko Goiaren debeku horien asmoa gure borroka eta eskakizunak ezkutatzea izan da. Eta guk, aldiz, jendearen ikusgai jarri nahi ditugu gure eskariak: sektore honetarako, lan-baldintza duinak lortzea eta kalitatezko arreta ematea Gipuzkoako zahar-egoitzetako milaka erabiltzaileri.

 

Antza denez, hiri honetan langile prekarioek traba egiten dute, eta ezkutuan eduki nahi gaituzte kosta ahala kosta. Horretarako, zine-jaialdiak hiriko erdialdeko esparruak okupatuko zituelako aitzakiatan, Saguesera bidali gintuzten.

 

Grebalarion biltzeko eta manifestatzeko eskubidearen aurkako eraso larri hori ikusita, ELAren zerbitzu juridikoetan auzibidera jotzeko aukerak aztertzen ari dira. Gainera, udalaren egintzak prebarikazio-delitua izan litezke, Gipuzkoako egoitzetako langileon greba-eskubidea oso era larrian urratzeagatik.

 

Gure agintariek gure greba-eskubidea indargabetu nahi dute gutxieneko zerbitzuak gehiegikeriaz ezarriz. Horrela erabat eragozten diete greba egitea egoitza txikietako langileei, eta egoitza handietan ere 10 langiletik 8k ezin dugu greba egin. Hori gutxi balitz bezala, udalak, aldundiarekin (Markel Olanoren agindupean) elkar adituz, erabaki du beste pauso bat ematea, eta hiriko erdialdean egotea ere debekatu nahi digu, Gipuzkoako zahar-egoitzetako egoera larria salatzerik izan ez dezagun.

 

Baina ez gaituzte isilarazi, ezta isilaraziko ere. Udaleko agintari horiek, gure eskubideak zapaldu nahi dituzten berberek, entzun behar izan dute zuzen-zuzenean hainbat pertsona ospetsuk gurekiko izan duten elkartasuna, besteak beste, Ken Loach zuzendariarena. Gure eskerrak agertu nahi dizkiogu honen bidez haren konpromiso eta sostenguagatik.

 

Gezurra badirudi ere, gurekin ordu gutxi batzutan egon den zuzendari horrek gehiago egin du gatazka onbideratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala biak batera baino.

 

Baina jakin behar dute ez dugula amore emango, eta euskal erakunde guztiak emakumeok lan prekarioei lotzen ahalegindu arren, eta gure nagusiak baldintza eskasetan eduki nahi izan arren, gu ez gara geldituko harik eta gure lan-baldintzak eta erabiltzaileen bizi-baldintzak duinagoak izatea lortu arte

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.