2018-10-10 15:55
Darpón Sailburuak gaur Osasun Batzordean egindako agerraldian, beste behin, gauza berdinak errepikatu egin ditu: ez daudela filtrazioen eta irregulartasunen frogak ezta prozedura kaotiko honen erantzulerik ere. ELAren esanetan aldaketa sakonak egin behar dira, hautaketa-sistema ziurra eraikitzeko, oposiziogileen eskubideak gordetzeko, eta hautaketa guztiak enplegu publikoaren sarbiderako printzipio gidarien arabera egingo direla ziurtatzeko.

Gaur, Darpón Sailburuak Osasun Batzordean egin du agerraldia Osakidetzako EPEan izandako irregulartasunen ikerketaren inguruan egindako lanen eta hartutako neurrien berri emateko. Eta berriz ere ere, EPE honen antolaketa eta prozedura honetako gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzea bere ardurak ez balira bezala jokatu egin du.

Gaur egun, inorrek ez du zalantzan jartzen kontrol sistema guztiak huts egin dutela. Hala ere, Sailburuak filtrazioak eta irregulartasunak ukatzen jarraitzen du eta ez du erantzukizunik zehazten.

Kapitulu berri honen aurrean, aurrekoen errepikapen bat dena, ELAtik orain arte esandakoa errepikatzea besterik ez zaigu geratzen:

1.- Ikerketaren lausodura eta emaitzak: ELA sindikatuak, Osakidetzako Sektore Mahaian ordezkaritza zabala izan arren, prozesu osoan jaso dugun informazio bakarra Osakidetzak hedabideetan zabaldu duena izan da. Ez da inolako borondaterik egon ikertutakoaren inguruan eta horren emaitzen inguruan benetako informazioa emateko.

2.- Ez dute gertaturikoa ikertu nahi, ezta erantzukizunak egotzi ere: ikerketa erantzulerik aurkitu gabe amaitu da, eta azterketa-isurtzerik eta irregulartasunik izan denik onartu gabe, nahiz eta zantzu garbiak izan.

Osakidetzak dena ukatzen jarraitu du, hiru kategoriako azterketen errepikapena eta beste kategoria baten prozeduraren etetea mantentzen ditu (espedientea ireki die sei epaimahaikideri) baina hala ere bere horretan jarraitzen du, azterketa-isurtzerik izan ez dela ziurtatuz, eta gertaturikoak proben emaitzetan inolako eraginik izan ez duela baieztatuz.

ELAk berriro ere salatzen duenez ikerketa horren nondik norakoa estatistika-datu batzuk ateratzera mugatu da, eta gero epaimahaien esku utzi dira, prozesuko alderdi izan diren berberen esku, azterketak errepikatzeko edo ez errepikatzeko erabakia haiek har dezaten. Ez da testigantzarik jaso salatzaileengandik, epaimahaikideengandik edo azterketak prestatu dituztenengandik (dela IVAPen, dela epaimahaietan beretan).

Itxurak gorde nahi izan dira, baina azken mugaraino inolaz ere iritsi gabe. Hala ere, salatu ditugun irregulartasunak izan, izan dira; ikusi besterik ez dago azterketa batzuen errepikatu beharra eta epaimahaikide batzuei irekitako espedientea.

3.- Ez dago borondaterik mediku espezialistak hautatzeko eta kontratatzeko sistema ustel horrekin amaitzeko: ELAk hainbatetan salatu du EPE horretan gertaturikoa ez dela kasu bakana izan, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema horren gailurrean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako Zuzendaritzaren babes osoaz. Horiek kontrolatzen dute nor sartuko den lan egitera bere ardurapeko zerbitzura, lehenengo aldi baterako kontrataziopean, eta gero, behin EPEa gainditu ondoren, kontratazio finkoarekin. Bestela esateko, enplegu publikoaren gidari izan behar diren printzipioak alde batera utzi dira, nahita eta jakinaren gainean, zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan, eta hori dena hautaketa-sistema ustel baten barruan.

Fiskaltzara eta Arartekora eraman izan dugu salaketa hau.

Hori horrela izanik, eta oraingo deialdian gertatu dena ohikoa izan arren, Osakidetzak ez du asmorik erakutsi sistema ustel horrekin behingoz bukatzeko.

4.- Egoera horren aurrean, ELAk honako eskakizun hauek plazaratzen ditu, berriro ere:

Erantzukizun politikoak eta penalak, baleude, egotzi behar dira. EPEan gertatureikoa oso larria da, eta auzi horri sasi-kitoa eman nahi izatea onartezina, dagozkion erantzukizunak inori leporatu gabe, dela egile nagusi gisa, dela sopikun gisa. ELAk, beste behin, Darpon Sailburuaren kargugabetzea eskatzen du, bera baita gertatutakoaren erantzule nagusia.

Mediku espezialisten hautaketa-sisteman dagoen ustelkeria ezabatu behar da behingoz. Hautaketa-sistema horren barruan aldi baterako kontratazioa eta EPEak daude. Horren oinarrian behin-behinekotasunaren tasa handia dago, Osakidetzan %38aren ingurukoa.

Bistan denez indarrean dagoen EPEen sistemak porrot egin du, ez baitu behar adinako bermerik ematen. Horregatik, aldaketa sakonak egin behar dira, hautaketa-sistema ziurra eraikitzeko, oposiziogileen eskubideak gordetzeko, eta hautaketa guztiak enplegu publikoaren sarbiderako printzipio gidarien arabera egingo direla ziurtatzeko. Gaur egun etorkizunari begira adierazitako neurriak, ez dituzte beharrezko bermeak ematen, ezta gaur egun indarrean dagoen sistemarekin amaitzen ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.