2019-02-05 17:03
STEILAS eta ELAk Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileen kolektiboan deitutako otsailak 5eko grebak jarraipen zabala izan du. Hirugarren greba eguna otsailaren 6an izango da. Bi sindikatuok Kudeaketa langileen aldarrikapenak babestu, eta pasa den abenduan mobilizazioei ekin zieten, %75etik gorako jarraipena izan zuten bi lanuzte eta egun osoko greba egun bat eginez.

ELA eta STEILASen agiria:

Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa langileek urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean: ez dute lanpostu zerrendarik; %100 behin behinekoak dira; ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez.;Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, bi kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab. Bizi duten ziurgabetasun, prekarietate eta lan kargek egoera jasangaitza bihurtu dute eta honek azken hilabeteetan langileen %64ak bere lanpostua utzi behar izatea eragin du.

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LABekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen. Baina zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen. Akordioa sinatu zenetik ia urtebete pasa denean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe oraindik.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELAk Kudeaketa langileen aldarrikapenak babestu, eta pasa den abenduan mobilizazioekin hasi ginen, %75etik gorako jarraipena izan zuten bi lanuzte eta egun osoko greba egun bat eginez. Honakoak dira kudeaketa langileen aldarrikapenak:

  • Lanpostu zerrenda duina osatu.

  • Kategoria eta soldatak Hezkuntza Sailarekin parekatu.

  • Ordezkoen araudi propioa sortu.

  • Gaur egungo langileak finkatzeko LEP prozesua garatu.

Hainbat urtetan kudeaketa langileen lan baldintza eta egoera prekarioari irtenbiderik eman gabe egon ostean, mahai negoziatzailean egindako planteamenduek langileekiko arduragabekeria eta errespetu falta izugarria suposatzen dute. Baina gure aldarrikapenak lortu arte borrokan tinko jarraitzeko erabakia hartu dugu. Haurreskolak Partzuergoari langile hauen lan baldintzak duinduko dituen proposamen serio bat mahai gainean jar dezala exijitzeko, otsailaren seian hirugarren greba eguna burutuko dugu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.