2018-11-29 13:05
ELA eta STEILAS sindikatuek deituta Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileak lanuzteak egingo dituzte abenduaren 4 eta 11ean eta greba 18an; izan ere, urteak daramatzate lan baldintza prekario eta onartezinetan lanean. Langileok ez dute lanpostu zerrendarik, %100 behin-behinekoak dira, ordezkapenak bete beharrean langileak arlo batetik bestera mugitzen dituzte lan zama jasanezinak eraginez, Hezkuntza Sailarekiko, bataz beste, 2 kategoriako aldea dute honek sortzen duen soldata arrakalarekin, etab.

Bi sindikatuon Agiria:

Urteetan zehar izan duten ziurgabetasuna izugarria izan da eta baldintza hobeak dituen beste lanpostu bat bilatzea bultzatu ditu; azken urte erdian, bataz beste, 25 langileetatik 16 langilek bere lanpostua utzi dute Haurreskolak Partzuergoan, langilegoaren %64ak. Kopuru hau izugarria da!

2018ko martxoan Haurreskolak Partzuergoak LAB sindikatuarekin sinatutako akordioak Kudeaketa langileen lanpostuen zerrendaren, LEP prozesuaren eta ordezkoen eta barne-promozio araudien negoziazioak jasotzen zituen. Negoziazio hauen metodologia eta zehaztapen ezak langile hauen lanpostuak kolokan jarri zituen.

Akordioa sinatu zenetik ia 9 hilabete pasa direnean, Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak langile hauen lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dute, Mahai Negoziatzailean lanpostu zerrenda prekarioa eta goian aipatu dokumentuen zirriborroak helarazi dituztelarik, inongo lanketa eta negoziazio sakonik burutu gabe oraindik.

Egoera honen aurrean, STEILAS eta ELA sindikatuek Kudeaketa langileen aldarrikapenak eta mobilizazioak babestuko dituzte, eta lan baldintza duinak exijituko dizkiete bai Haurreskolak Partzuergoari eta baita Hezkuntza Sailari ere. Era berean, berriro ere LAB sindikatuari mobilizazioetara batzeko deia luzatzen diogu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.