2020-10-22 11:40
Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza sindikala dugun sindikatuok, LAB, STEILAS eta ELAk, ikasturte korapilatsu hau hasi eta ia hilabete bira Partzuergoko gerentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin inolako harremanik izan ez dutenez, eta langileen eta hezkuntzaproiektuaren egoera gogorra aintzat hartuta, mobilizazioei hasiera ematera behartuta aurkitzen dira. Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza, egoera honi buelta emateko eta jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatu dadin Haurreskolak doakoa eta hezkuntza sailean integratua nahi dutela adierazi dute sindikuotako ordezkariek.

Sindikatuen agiria:

Izan ere, hezkuntza-arloko beste sektore batzuetan (hezkuntza berezian, zerbitzuetako langile eta irakasleen) mahai negoziatzaileak deituak izaten ari diren bitartean, Haurreskolak Partzuergoko  aurrez aurreko negoziazio-mahaia oraindik ez da deitua izan, nahiz eta ikasturte honetan behin baino gehiagotan eskatu izan dugun.  
 
Era berean, Hezkuntza Sailburu eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria  den Jokin Bildarratzek ez du oraindik Haurreskolak Partzuergoko Mahai negoziatzailetara etorriko den ordezkaria izendatu, Haurreskolak Partzuergoarekiko duen arduragabekeria erakutsiz. Guretzat ezinbesteko garrantzia du Hezkuntza Saileko ordezkariak mahai negoziatzailetan parte hartzea, azken finean gai batzuen negoziazaioak Hezkuntza Sailaren ardura izanda, gainditu egiten baitu haurreskoletako eremua.  
 
Bestalde, Zorione Etxezarraga gerente berriak, kargua hartu zuenetik, sindikatuekiko inkomunikazioa eta jarrera autoritarioak gailendu dira orohar. Egoera larriagoa da oraIndik pandemia egoeran gaudenetik, gerentziak gure lan eta lanbide-etorkizunari zuzenean eragiten dioten erabakiak hartzerakoan langileen ordezkariak kontuan hartu ez dituelako.  
 
Bestalde, haurreskolen egungo egoerari dagokionez, gerenteak hartutako aldebarreko erabakien ondorioz Haurreskolak Partzuergoaren hezkuntza-proiektua arriskuan jartzen ari dela salatu nahi dugu.  Hori dela eta, neurri horiek geldiaraztea izango da gure helburu nagusia.
 
-Negoziazio kolektiboa ukatu egiten zaigu, dagoen hitzarmen eta araudi guztiak urratuz eta langileen ordezkaritza gutxietsiz.
 
 
- Ordezko langileen kontratazio berria geldiarazi egin da; horrela, beste langile batzuen baja medikoak, baimenak edo lizentziak betetzeko, kontratupean dauden hezitzaileak haurreskola batetik bestera eguneroko desplazamenduetara jotzen da, zentroen hezkuntza proiektua, irizpide pedagogikoak eta haurren egokitzapenak hankaz gora jarriz
 
-Horrez gain, aparteko orduak egitera behartzen dituzte langileak, ordezkoak bidaliko ez dituzten mehatxupean. Gure hitzarmenean aparteko egoeretarako bakarrik aurreikusita  badira ere, gaur egun aurreikusi daitezken egoera arruntei aplikatzen zaizkie.
 
-Beharrezkoa den kontratazioa blokeatzeko erabakia hartu du, Haureskolak Partzuergoa  enpresa pribatua balitz bezala. Horrekin, ehunka ordezko lanik gabe utzi ditu, partzuergoak eskaintzen duen
hezkuntza-proiekturako urte askotan zutabe garrantzitsua izan direnak, gaur egun erakunde publikoetatik abandonu egoeran daudelarik.  
 
Beraz, salatu behar dugu  hezkuntza eta gizarte zerbitzua eskaintzen duen enpresa publiko bat izanda, Haurreskolak Partzuergoko Gerentea den Zorione Etxezarragak,  pandemia egoerari aurre egiteko kontingentzia planerako gehigarririk izan ez duen aurrekontutik ez gainditzeko erabakia hartu duela eta egoera hau erabiltzen ari dela lanpostuak suntsitzeko eta langileon lan baldintzak okertzeko.  
 
Gauzak horrela, negoziazioa berreskuratzeko, kontratazioa desblokeatzeko eta langileen lan baldintzak hobera egiteko, mobilizazio dinamika hau jarriko dugu abian:
 
-Datorren asteazkenean, hilak 28, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordea ospatuko denez, goizeko 11:00etan kontzentrazioa egingo dugu Lakuan. Batzorde honen  garrantzia azpimarratu behar dugu, batzorde horretan hartu behar baitira haurreskoletako langileei eta hezkuntza-proiektuaren bilakaerari eragiten dieten erabakiak eta batzorde honetan ere, ez da langileon ordezkarien ahotsa entzuten.  
 
-Hurrengo astean, era deszentralizatuan EAEko 3 hiriburuetako Hezkuntzako Delegaritzetan. Egunak eta ordutegiak zehazteke daude.
 
Haurreskolak Partzuergoaren  etorkizuna kolokan jartzen ari da Eusko Jaurlaritza, egoera honi buelta emateko eta jaiotzatik hezkuntza eskubidea bermatu dadin Haurreskolak doakoa eta hezkuntza sailean integratua nahi dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.