2019-07-18 11:56
Haizea Wind, S.L. enpresa 2018an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren onespen guztiekin, inaugurazio-ekitaldira lehendakaria eta Industria sailburua joan baitziren. Hala ere, enpresa horretako lan-harremanen ezaugarriak ezarpenak, prekarietatea eta iruzurrezko kontratazioa dira. ELAko ordezkariek elkarretaratze bat egingo dute bere egoitzan, Iberdrola dorrean, mobilizazioen abiapuntu gisa, kalitatezko enpleguaren eta lan-osasunaren alde, eta kaleratzeen aurka.

Haizea Wind, S.L. proiektu eredugarri moduan sortu zen, hain bipildurik dagoen Ezkerraldean industria berria eta enplegua sortzeari begira. Baina zoritxarrez langileek lan-baldintza duinak eskatzen dituzten bakoitzean zapalduak eta kaleratuak izaten dira.

Haizea Wind-eko plantilla 160 langile ingurukoa da, baina pertsonal azpikontratatua ugariagoa da; beraz, langile-kidegoen arteko aldeak handiak dira, eta gehiegikeriak eta lege-iruzurrak eguneroko kontuak dira. Izan ere, ezin konta ahalako irregulartasunak gertatzen dira: 12 ordutik gorako lanaldiak, 20 egunetik gorako zikloak atsedenik gabe, langileen legez kontrako lagapenak, behin-behineko kontratuak lege-iruzurrean, eta hirugarren munduko lan-baldintzak.

Haizea Windeko Zuzendaritzak agintekeriaz jokatzen du, eta hamabi langile baino gehiago kaleratu ditu, haietako asko Bizkaiko Metalgintzaren greba-egunak egin ostean, kontratu-amaierak alegatuz, baina epaitegietan kaleratzeak bidegabeak direla onartuz.

Zuzendaritza negoziazio-mahaitik jaiki da, horrela hitzarmenaren negoziazioa oztopatuz, eta bere benetako aurpegia erakutsiz. Zuzendaritza hori ez da gauza izan langileen eskakizunak ulertzeko, arrazoizkoak baino arrazoizkoagoak izan arren: berezko enpresa-hitzarmena, atseden ordainduak, eskulan kualifikatuko sektore honi dagozkion soldatak eta plusak, lan-osasuna eta abar.

ELAren iritziz Haizea Windeko Zuzendaritzak ez du benetan kontuan hartu lan-osasunarena, eta lehenago edo geroago ezbeharren bat gertatuko da. Enpresaren jarduera arriskutsua da, manipulatzen diren piezen tamainagatik. Hala ere, arineketan ibili beharra eta lan-erritmo azkarregiak direla-eta, eguneroko lana gero eta arriskutsua da. Haizea Windeko prebentzio-ordezkariek egina dute, dagoeneko, bilera bat Osalanen, hemen gertatzen dena azaltzeko, eta Lan Ikuskaritzan aurkeztu beharreko salaketak prestatzeko.

ELAk berresten du Haizea Windeko langileekin hartu duen konpromisoa, lan-baldintza duinak lortzekoa, eta dei egiten die lan-agintariei, Bizkaian, Bilboko Portuan, proiektu prekario eta diktatorial bat errotzen ez uzteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.