2020-01-23 11:57
ELAko gizarte politikako arduradun Mikel Novalek Espainiako gobernuak, patronalak eta CCOO eta UGTk Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari buruz lortutako akordioa salatu du. "Oso igoera eskasa ezartzen du, 2019an izan zuen gorakadaren ondoren sortutako itxaropenetatik eta 2020an 1.000 eurora iristeko promesetatik urrun geratzen da".

Akordioak mobilizazioaren beharra berretsi egiten duela dio Novalek. "PSOEk eta Unidas Podemosek lortutako akordio programatikoari buruz egin genuen irakurketa berresten da, gutxieneko soldataren zenbatekoa duintzeari uko egiten baitzion, hura elkarrizketa sozialaren esku utziz, eta hori, praktikan, patronalari beto eskubidea ematea da".

Adierazi duenez, ikusarazi nahi digutenaren kontra, "elkarrizketa soziala berreskuratzea oso albiste txarra da langile klasearentzat. Espainiako estatuan elkarrizketa hori lan- eta gizarte-eskubideak murrizteko erabiltzen den tresna bat da (pentsioak murrizteko akordioetan bezala), edo, kasu honetan bezala, lan- eta gizarte-arloko beharrezko aurrerapenak geldiarazteko".

ELAren ustez, gutxieneko soldata 950 euroan uztea "urtarrilaren 30eko greba orokorrean egiten dugun eskaeratik oso urrun dago, 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen baitugu. Madrilen onartutako igoera eskasak arrazoia ematen digu: presio eta mobilizazio sozialik gabe ez da ezer lortuko”.

Novalek gogorarazi duenez, "greba honetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen dugun sindikatuok EAEko eta Nafarroako patronala interpelatu dugu, gure lurraldean gutxieneko soldata 1.200 euroan finkatuko duen Lanbide Arteko Akordioaren negoziazioa abian jartzeko. Madrilen erabakitakoak grebaren beharra berresten digu”.

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuren hitzak errefusatu ditu. Bere esanetan, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoerari eustea eskatzea txarra da enplegua sortzeari begira. “2019an gertatutakoak erakusten du LGSa igotzeak ez duela enplegua kaltetzen, guztiz kontrakoa baizik, eta, gainera, eragin positiboak ditu ogasunen eta gizarte segurantzaren bilketan ", erantzun dio.

Azkenik, gutxieneko soldatari buruzko erabakia euskal sindikalismoari edo galegoari inolako parte-hartze formalik eman gabe hartu izana salatu du Novalek, eta horrek aurreko exekutiboekin alderatuta atzerapauso bat ere badakarrela gaineratu ere. Gainera, IPREM ezabatzeari buruz ezer esan ez izana kritikatu du, eta indize hori desagertu egin beharko litzatekeela baieztatu ere, erreferentzia bakarra SMI izan dadin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.