2018-08-03 13:29
Gurutze Gorriaren eta udalen jarrera ikusirik sorosleek abuztuaren 14tik aurrera greba mugagabea deitzeko erabaki irmoa hartu dute, negoziazioa bultzatu eta sektorea profesionalizatuko duten lan baldintza duinak lortzeko helburuarekin.

ELAren arduradun Maddi Aspiazuk Gurutze Gorriak negoziazio prozesu osoan zehar erakutsi duen jarrera salatu nahi du. “Uztailaren 5ean izandako azken bileratik ez du langileekin elkartu nahi izan gatazka konpontzeko, Gurutze Gorriaren aldetik arazoa amaitzeko konpromiso falta argia erakutsiz”.

Hondartzetako sorosle zerbitzuaren ardura duten udalek ere izan duten jarrera pasiboa salatu nahi du Aspiazuk. “Udalak dira udal zerbitzuaren arduradun eta, ondorioz, langile hauek jasaten ari diren lan baldintza kaxkarren arduradunak. ELAtik beti defendatu dugu gure helburua akordiora heltzea dela eta hala izaten jarraitzen du, sektoreko langileek horren beharra dutela ulertzen baitugu”.

Egoera honen aurrean, Gurutze Gorriari eta udalei negoziazioa serio hartu eta akordioetara iristeko ahalegina egin dezaten eskatzen die ELAren arduradun honek. “Hori egin ez eta akordiorik lortzen ez bada, Gipuzkoako sorosleek greba mugagabea hasiko dute abuztuaren 14an. Kolektiboaren aldarrikapenak garbiak dira: soldata igoerak, deskantsuen organizazioa, egutegi eta oporrak eta lanpostu egonkortasuna, kontratu finkoen bidez. Eta horiek bete arte ez dugu etsiko”.

Azkenik Aspiazuk biztanleriaren aldetik jasotako babesa eskertu nahi du, eta aurki iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.