2019-07-15 12:21
Amaitu da hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa. Landeiaren azken alean gai honen inguruko hainbat albiste jasotzen dira. Albiste bikainak, ELAk bere sabaia hautsi duelako.

Ekainean bukatuko da hauteskunde sindikalen aldi kontzentratua. Bederatzi hilabete bizian zehar –2018ko irailaren 1etik–, 11.185 ordezkari sindikal berritu dira; hau da, guztizkoaren erdia baino gehiago. Aldi kontzentratu horretan, ELAk bere sabaia historikoa gainditu du: % 38,85 Hego Euskal Herrian –% 41,68 EAEn eta % 23,23 Nafarroan–.

Ahalegin eta lan –sindikala– handiko hilabete asko izan dira; ez da batere erraza izan koiuntura gogor honetan. Hala ere, sindikatu honetan nola edo hala militatzen duten milaka pertsonen lanak bere fruituak eman ditu. Hauteskunde sindikalen aldi kontzentratuaren bukaeran, ELAk gainditu egin du bere sabaia historikoa. Gaur egun –azken datu ofizialak apirilaren 30ekoak dira– ELAk bere ordezkaritza historikorik altuena lortu du Hego Euskal Herrian –% 36,85–.Datu horien bidez, ELAk bere lidergo eztabaidaezina indartzen du, 1,77 puntu haziz 2014ko hauteskunde sindikalen azken aldi kontzentratuaren bukaerarekin alderatuta.

Hazkuntza homogeneoa izan da Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, zeinetan ELAk ordezkaritza historikoa lortu baitu: % 37,47 Araban –2014an baino 3,31 puntu gehiago–; % 40,80 Bizkaian –1,43 puntu gehiago–; % 45,39 Gipuzkoan –1,65 puntu gehiago–; eta % 23,23 Nafarroan –1,70 puntu gehiago–. “Zurekin goaz. Con todas nuestras fuerzas”. Hori dio ELAren hauteskunde sindikal hauetarako leloak. Argi dago klase langilearen gehiengo handi batek ELA borroka-lagun hartu duela, hura bozkatzean, lan- eta bizi-baldintza hobeak lortzeko.

Datu sinestezinak… egiazkoak ez balira.

“ELAren hauteskunde sindikaletako emaitzak sinestezinak dira... egiazkoak ez balira. Emaitza bikainak dira eta oso pozik gaude”.

Hala agertu zen, pozik, Joseba Villarreal, hauteskunde sindikalen arduraduna, ELAk hauteskundeen emaitzen berri emateko ekainaren 17an eginiko jendaurreko aurkezpenean.  “Langile-klasearen aldetik jaso dugun babesa oso pozik egoteko modukoa da. Babes hori oso homogeneoa izan da Euskal Herri osoan, lantokietan eta sektore guztietan. Gero eta gehiengo handiagoa du, eta halaxe erakusten da aurreko aldi kontzentratuarekin alderatuta gehien igo den sindikatua garela”.

Aldi kontzentratu osotik atera daitezkeen askotariko datuetatik, Joseba Villarrealek bi nabarmendu nahi izan zituen. “EAEn bikoiztu egiten dugu bigarren sindikatua. 7.084 ordezkari ditugu, ordezkaritzaren aldetik bigarren sindikatuak –LABek– 3.247 dituen bitartean. Nafarroan, bere aldetik, oso gertu gaude lehen sindikatua izatetik. UGTk 117 ordezkari ateratzen dizkigu, baina zifra oso pixkanaka murrizten goaz”.

Hauteskunde sindikalen arduradunak argi du zein den emaitza bikain hauen sekretua. “Gehiengoa duen sindikatua bagara eta gero eta babes handiagoa badugu, milaka langilek beren botoa ematen digutelako da. Eta hori soilik da posible gurea bezalako militantzia batekin. ELAk enpresa eta sektore guztietan gauzatzen duen militantzia-lana da egunero indartsuagoa den sindikatu bihurtzen gaituena”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.