2020-10-22 08:29
Gueñesen kale garbitasun lanak egiten dituzten beharginek erabaki dute duela 100 egun hasitako greba etetea. Grebaren arrazoia, lan hitzarmenaren negoziazioa. Urteak dira hobekuntza nabarmenik gabe, eta baldintzak beste udal batzutan sektore bereko langileek dituztenak baino okerragoak dira.

Uneotan zerbitzua esleipen prozesuan dago; beraz, egungo enpresa beraren eskuetan jarrai dezake edo beste enpresa baten esku geratu. Horregatik, lan baldintzak hobetzeko estrategia aldatu egin dute langileek, batzarrean aho batez honakoak erabakita: 

- Egungo enpresarekin soldatak % 2,6 eguneratzea adostea, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin.

- Mugagabeko greba etetea, zerbitzua berriro esleitzen den arte.

- Sektoreko enpresa guztiei gure gutxieneko proposamena bidali, lehiaketa irabaziz gero zerbitzua kudeatuko luketen urteetarako.

- Eskaintza litzateke lan hitzarmen berri bat, eta lau urteetarako urtean %4ko soldata igoerak jasoko lituzke.

- Zerbitzua hartzen duen enpresak eskaintza hau onartu ezean, esleipena hasten den lehen egunetik greba mugagabera itzuliko lirateke beharginak.

- Zerbitzua kudeatzen duen enpresak eskaintza onartuz gero greba amaitutzat emango da.

ELAk espero du lehiaketan parte hartzen duten enpresa guztiek aintzat hartzea eskaintzan bidaliko diegun lan hitzarmena. 100 eguneko greba luzea da honez gero. Espero dugu jarraitu behar ez izatea. Pilota zerbitzua bereganatu nahi duten enpresen teilatuan dago, baita Gueñesko udalarenean ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.