2018-03-07 12:22

Oso albiste txarra izan da LAB irakaskuntza publikoko hiru sektoretan grebari uko egitea (Heziketa Berezia, Garbitasun eta Sukaldeak eta Haurreskolak). LABek ezin du esan erabakia edukiei esker hartu duenik, edukiak oso txarrak baitira. Sinatzerakoan eman duen azalpena kezkatzekoa izan da: "Lehen indarra gara sektore horietan eta horren arabera dagokigun ardura politikoa aintzat hartuz jokatzea erabaki dugu". LAB gehiengoa denean “arduraz jokatzea”k esan nahi du ez dagoela grebarik.

Aipatutako sektoreak oso feminizatuta daude (plantillaren %90etik gora) eta, hain zuzen horrexegatik, irakaskuntza publikoan prekarioenak. Garbitasun eta Sukaldeetan langileen %64 aldi baterakoak dira, Heziketa Berezian, %58, eta Haurreskoletan, berriz, %41. Ehundaka lanpostu galdu dira; lan-kargak askoz handiagoak dira; lanaldia kasu askotan partziala da, prekarioa, eta are lege-iruzurrean ezarria. Soldatak irakaskuntza publikoko batez bestekoak baino txikiagoak dira (%12 eta %35 bitartean). Sektoreon izaera publikoa bera zalantzan dago. LABek, CCOOk eta UGTk sinatu dituzten akordioek ez dute ezer konpontzen; aitzitik, arazoak iraunarazteko izango dira. LABek hori badaki, baina ez dio axola.

Eusko Jaurlaritzak, noski, ontzat eman du LABen erabakia. Sindikalismo “arduratsua” beti begi onez ikusten dute patronalek eta gobernuek.

Egin dutenak zeharo kezkatzen gaitu, izan ere, LABen asmoa desmobilizatzea bada, ez baitago eurekin ekintza estrategikorik egiteko aukerarik.

ELA saiatuko da irakaskuntza publikoan lortu den mobilizazio maila izugarriari eusten. Mobilizazioa da gobernua mugiarazteko modu bakarra; soilik horrela utziko dira bertan behera murrizketak eta amaituko da prekarietatea.

Sindikalismo erreibindikatiboaren oinarria praktika konkretu bat da, ekintza erreibindikatiboa. Bide horretatik joanez gero dago elkartzeko eta ekintza estrategikoa garatzeko aukera; hortik kanpo, aldiz, ez.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.