2019-02-25 16:55
Ehunka emakume elkartu dira Donostian Martxoaren 8ko greba feministaren beharra aldarrikatzeko. Berdintasun alorreko arduradun Leire Txakartegiak adierazi du bertako administrazioak hitzez enpleguaren alde daudela dioten arren, eguneroko politika eta erabakiekin kontrakoa egiten dutela. “Prekarietatea emakumeon zapalkuntzarako tresna da; lan baldintza duinik gabe ezin gara geure buruaren jabe izan”.

Txakartegik gogora ekarri du polizia-etxe eta epaitegietako emakumeek 160 egun daramatzatela greban eta 20tik gora Gipuzkoako zahar-etxeetakoek. “ELAn argi daukagu sindikalismo eraldatzailea feminista izan behar dela ezinbestean. Izan ere, emakumeok buruz-buru eta borrokaren lehen lerroan ari gara enplegu eta bizitza duinen alde. Feminismoari ELAk egiten dion ekarpenik nagusiena sektore feminizatuetako borroketatik dator, eta oso-oso harro gaude horretaz”.

Administrazio ezberdinei interpelazio zuzena egin die Txakartegik, gatazken aurrean jarrera argia eskatuz. “Bestela, hipokresia eta faltsukeria ariketa bat baino ez da izango, beste behin ere. Hortxe daukazue berdintasun politikak praktikara eramateko aukera ezin hobea”.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.