2020-01-20 15:47
Petronorreko Enpresa Batzordeak greba deitu du urtarrilaren 24ko 13:00etatik urtarrilaren 27ko 06:00ak arte, zuzendaritzak ez dituelako betetzen uztailean lortutako akordioak. Akordio horrek aparteko orduak murrizteko, egutegia errespetatzeko eta langileen kontziliaziorako eskubideak jasotzen ditu. Akordio horren hainbat puntu ez ari dira betetzen; ondorioz, ezin izan dira lanaldi-luzapenak murriztu, besteak beste.

Langileen ezinegona dela-eta, azaroaren 28an batzarra deitu zuten, eta, akordio berririk lortu ezean, greba egitea erabaki zuten. 2019. urtean, 67.865 aparteko ordu egin dira, eta zenbaketa horretan ez dira sartzen hitzarmenetik kanpo dauden pertsonek egindakoak.

Zuzendaritzak eskura dituen baliabide guztiak erabili gabe jarraitzen du horiek murrizteko eta langileen arteko atsedenaldiak eta kontziliazioa bultzatzeko, eta, gainera, ez ditu betetzen hutsik dauden lanpostu guztiak eta hamar egun baino gehiagoko absentziak, adostu bezala.

Greba-aldi horrekin batera, langileen kontzentrazioa egingo da instalazioen sarreran, egoera salatzeko eta zuzendaritzak azken deialdietan egiten dituen gutxieneko zerbitzuen aplikazioan abusuak saihesteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.