2019-01-31 15:55
Heldu den otsailaren 1ean, ELAk greba mugagabea hasiko du Navarpluman, aparteko enpresa-hitzarmen bat eskatzeko, non oraingo lan-baldintzak arautu eta hobetu behar diren, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena oinarri hartuz. Navarplumak Martikoren partaidetza du, eta ahate-lumak eraldatzen aritzen da. Horregatik otsailaren 1ean, 11:00etan, langileak enpresaren ateetan elkarretaratuko dira (Arazuri-Orkoien industrialdea, B karrika, 18), eta hedabideen aitzinean agertuko dira.

Navarplumako Zuzendaritzak langileen soldatak murriztu ditu arian-arian (400 euro inguru hilean, batez bertzez), mota guztietako hertsapen eta presioen bidez banan-banan langileen sinadurak bilduz. Enpresa tailerreko langileen babes gabeziaz probestu da (gehienak atzerriko etorkinak), eta erabateko prekarietate-egoeran dauzka, astelehenetik igandera doazen lanaldiekin, egutegirik gabe, aldez aurretik abisatu gabeko txanda-aldaketak eginez, segurtasun-neurririk eta laneko arroparik gabe, arrazoirik gabeko zehapen eta kaleratzeekin, segurtasun-kameren bidezko kontrolpean, eta abar, eta abar. Salaketa horiek guztiak Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren zain daude.

2018ko apirilean, eta enpresak jarritako eragozpenak eragozpen, ELAk hiru ordezkariak lortu zituen hauteskunde sindikaletan, eta kidegoa antolatzeari ekin zion, aparteko enpresa-hitzarmen bat negoziatzeko asmoz. Navarplumako Zuzendaritzak, aldiz, ez du onartu ordezkaritza sindikala, eta langileekin negoziatzen saiatu da. Dena dela, langileek uko egin diote enpresaren azken eskaintzari. Eskaintzaren puntuak hauexek: soldata-izozketa hiru urtetarako, plus txiki batzuk ez finkagarriak, eta laneko janzki bakar bat. Hori dela-eta, greba mugagabean hasi dira.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.