2019-07-23 09:00
Novaltia Sociedad Cooperativako Enpresa Batzordeak greba mugagabera deitu du Bizkaiko lantokietan, uztailaren 22az geroztik, enpresa-hitzarmenaren alde. Grebalariak %85etik gorakoak dira biltegi-aldean eta eskariak prestatzeko gunean.

Novaltia enpresa Euskadiko botika-banatzaile nagusia da. Bere sareko farmazietan, hain zuzen, banatzen ditu botikak. Aurtengo urtearen hasieran enpresa-hitzarmena berritzeko negoziazioak etenda utzi zituen, eta estatuko hitzarmena aplikatzen hasi zen.

Bertako hitzarmena amaitutzat jo eta sektoreko estatu-hitzarmena aplikatzeko enpresaren erabakia ikusita, ELAko ordezkariek, Enpresa Batzordeko gehiengoa izanik, greba mugagabera deitzea erabaki dute.

Mobilizazioen helburuak hauek dira: enpresa-hitzarmena berreskuratzea, enpresaren jarduera nagusiaren azpikontratazioa mugatzea, eta behin-behineko kontratazioaren baldintzak hobetzea, behin-behineko langileen kontratuetatik gehiegikeriazko klausulak kenduz.

Gainera, soldata-hobekuntza nabariak ere eskatzen dira, eta baita azken kontratazioetan sartu duten soldata-eskala bikoitza kentzea ere. Farmazia-sektoreak duen garrantzia duela, ezin da onartu Novaltiako langileek dituzten diru-baldintzak izatea, plantillako zati handi batek lanbidearteko gutxieneko soldataren inguruko lansariak jasotzen baititu.

NovaltiaAko langileek elkarretaratzeak egingo dituzte Zaratamoko instalazioetan gatazkak dirauen artean. Aste honetan kooperatibako kide diren farmazia guztietatik igaroko dira, egoeraren berri emateko, eta gatazka lehenbailehen konpontzeko laguntza eskatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.