2021-11-26 12:07
Altan Bernedoko (ELA 6 eta LAB 3) enpresa batzordeak, farmaziako industria sektorean diharduenak eta 150 langile dituenak, greba mugagabea deitu du azaroaren 29tik aurrera, KPIaren igoerak jasoko dituen eta lanaldia mantenduko duen enpresa hitzarmenaren alde. Helburua enpresa itunaren edukiak defendatzea da – Itun horren bidez Kimikako Estatuko Hitzarmena aldebatera utzi dute –, eta KPIa igoko duen enpresa hitzarmen bihurtzea.

Negoziazioetan adierazi den bezala, enpresak ez du KPIa igotzea aurreikusten, eta produkzioaren eta absentismorik ezaren araberako igoerak baino ez ditu proposatzen.
Era berean, hiru lanaldi gehiago eskatzen du, aplikazio subsidiarioa den Kimiken Estatuko Hitzarmeneko lanaldira joateko. Gainera, enpresak ABE osagarriak kendu nahi ditu. “Ekoizpen gehiago, presentzia handiagoa eta irabazi handiagoak bilatzen dituzte fabrikan, beti ere, azken urteetako enpresa itunetan hobetutako eskubideak ukatuz, horien ultraaktibitatea laster amaitzen baita”, salatu dute.

Azaroan egindako greba egunek erabateko jarraipena izan dute: produkzioko langile finkoen % 100ek bat egin dute grebarekin, baita mantentze lanetan, biltegian, I+Gn eta kalitate kontrolean dabiltzatenek ere.

"Urrats historikoa da, enpresaren historian egun osoz egin diren lehen grebak izan baitira", azpimarratu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.