2020-03-05 15:23
Hilabeteak daramatza Gizatzen enpresako ordezkaritza sindikalak zuzendaritzarekin berdintasun plana negoziatzen, eta ez da enpresaren aldetik inolako aurrerapauso esanguratsurik eman. Hori dela-eta, Enpresa Batzordeak, â€'ELAk 9tik 6 ordezkari dituâ€', langileen artean hainbat asanblada egin ondoren, 14 eguneko greba (momentuz) deitu du Gizatzen zentroetan, martxoaren 16tik 29ra.

Gizatzenen bezero nagusia IMQ da. Hau da, grebalari gehienak Grupo IMQ eta Igurco zentroetako garbitzaileak dira Bizkaian: zahar-egoitzak, ospitaleak, eguneko zentroak...

Sarritan eta orain arte, enpresetako berdintasun-planak propaganda tresna hutsalak izan dira, benetako edukirik gabe eta berdintasunaren aldeko neurri zehatzik gabe. Gehiegitan berdintasun planak enpresen irudi korporatiboa zuritzeko tresnak izan dira berdintasunaren izenean.

Baina ELAk argi dauka, ez da zuriketa-more horren konplize izango. Sektore hauetako enpresak, oso feminizatua eta prekarizatuak diren heinean, dira berdintasun-planekin eredu eman behar duten lehenak.

ELAk oso serio hartzen ditu berdintasun-planak, eta argi dauka ez duela onartuko bere izenean berdintasun planak onartzea, zenbait gai seriotasunez lantzen ez badituzte. Hala nola, enpresa eta sektore honetan hain ohikoak diren soldata-arrakala, lanaldi partzialak, sekulako behin-behinekotasuna edo sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.

ELAren jarrera argia izan da negoziazio guztian zehar. Hauek dira Gizatzen enpresan planteatzen ditugun gutxienekoak berdintasun planak gure onespena jaso dezan:

  • Soldata-arrakala murrizteko neurriak adostea. Gizatzenen, garbitzaileen kategoriako batez besteko soldata 12.776 eurokoa da, eta horrek 10.000 eurotik gorako soldata-arrakala suposatzen du, erreferentziazko garbiketa maskulinizatuaren sektorearekin alderatuta.
  • Hobekuntzak lanaldietan, enpresa honetan %61eko partzialitatea baitago.
  • Behin-behinekotasun tasa murrizteko neurriak.

IMQ/Igurco taldea da egoera horren lehen erantzulea, kostuak aurrezteko asmoz garbiketa-zerbitzua miseria baldintzetan azpikontratatzeagatik eta garbitzaileek jasaten duten diskriminazioaz baliatzeagatik.

Honengatik guztiagatik, eta enpresak gutxieneko eduki horiek negoziatzeari jarritako betoaren aurrean, langileak martxoaren 16tik eta martxoaren 29ra arte kaleetan egongo dira lan baldintza duinak aldarrikatzen. Eta enpresak eta IMQk erreakzionatzen ez badute, ez dezatela zalantzarik izan mobilizazioak areagotuko direla.

 

BERDINTASUN PLAN ERAGINKORRAK GAUZATZEKO GIDALIBURUA

https://mrafundazioa.eus/eu/dokumentazio-zentrua/emakumeen-alorra/berdintasun-plan-eraginkorrak-gauzatzeko-gidaliburua?set_language=eu

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.