2022-12-02 09:31
Langileek greba deitu dute gaur eta bihar Nafarroako H&Mko lan hitzarmena negoziatzeko. Astean 6 egunetan lan egiten dute, gehienak lanaldi partzialekin eta soldata izoztuta dute 2009tik. Arratsaldeko 17:00etan La Moreako biribilgunean elkarretaratzea egingo dute.

La Morea merkataritza guneko H&M dendan 18 langile daude, ELAko ordezkari batek ordezkatuta. Hauetatik 8k bakarrik dute lanaldi osoa, eta gainerakoetatik gehienek lanaldi erdian egiten dute lan. Lanaldi osoa dutenen soldata 1.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoek, beraz, 500 euro inguru irabazten dute hilean. Azken urteotan erosteko ahalmenaren % 17,4 galdu dute, soldata izoztuta baitute 2009tik. Astean 6 egunetan lan egiten dute, benetako atsedena hartzeko tarterik gabe, eta igande eta jaiegunetan lan egiten dute.

Egoera honen aurrean, plantillak Nafarroako eremuko enpresa hitzarmen bat negoziatzera behartu nahi du enpresako zuzendaritza, euren lan baldintzak hobetzeko. Horregatik deitu dute greba gaur eta bihar, abenduak 2 eta 3, eta greba mugagabea hasiko dute abenduaren 9tik aurrera, negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada.

Gaur 17:00etan elkarretaratzea egingo dute Galaria-Morea Merkataritza Poligonoko (Cordovilla) biribilgune handian, “Por un Convenio propio en H&M. 2009tik soldata izoztuta” lelopean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.