2019-06-06 12:09
CIE Automotive taldeko Gameko enpresako langileak grebara doaz ekaineko astearte eta ostegun guztietan, hau da, 4, 6, 11, 13, 18, 20, 25 eta 27an. Enpresak darabilen jazarpena eta egindako kaleratze bidegabeei aurre egiteko greba egitea erabaki du asanbladak aho batez.

CIE Gameko Goiaineko (Legutio, Araba) Industrialdean dago eta CIE Automotive euskal multinazionalaren parte da. Bada, etekin handiak izan arren, 2 langile kaleratu ditu inongo arrazoirik gabe. Horren aurrean langileek greba egitea erabaki dute kaleratutako lankideak onartu ditzaten exijitzeko. Kaleratze horiek enpresako enplegu politikaren parte dira, eta helburu bakarra daukate: jendea beldurtzea eta lan baldintzak prekarizatzea.

CIE Automotive euskal multinazionalak harro adierazten du aldian-aldian nolako irabazi eta mozkin enpresarialak dituen (langileen esfortzutik ateratzen direnak) eta IBEX35ean kotizatzen du. Bada, multinazioalaren baitan kokatzen da CIE Gameko, azken urteetan etekin handiak izan dituena ere, eta gainera, dibidenduak banatzen dituena. Informazio hori ezagututa, argi dago enpresak ezin duela kaleratze EEE bat egin eta ez daukala beste bide legalik jendea berak nahi duen erara kaleratzeko; beraz, legea urratzea eta zuzenean jendea kaleratzea erabaki du.

Beldurraz eta jazarpenaz baliatuz, otsailetik aurrera enpresa langileekin banan-banan biltzen hasi zen, beti ere, kaleratzeak onartu zitzaten. Aldi berean, gainontzeko langileekin ere bilerak egin zituen “eurak salbu zirela” adierazteko. Batzordeak (3 ELA 1; CCOO) Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen. Bitartean, langileek asanbladan onartu zuten grebara joatea kaleratua izan nahi ez zuen langile bat kaleratzen bazuten.

Maiatzaren 27an langileak diru-truke kaleratu ezin zituela ikusita, enpresak 2 langile kaleratu zituen kaleratze objektiboa zela argudiatuta; praktikan, ordea, kaleratze libre eta bidegabeak ziren. Horren aurrean, langileen asanbladak grebara deitu zuten ekaineko astearte eta ostegunetan, jazarpenaren bukaera eta langileak berriz onartzea exijitzeko.

Grebaren lehenengo astea pasata balorazioa oso baikorra da: produkzioan ia %100eko jarraipena izan dela esan daiteke.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.