2019-03-13 18:12
ELAk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saialarentzat zuzenean lan egiten duten sukalde eta garbiketako langileen kolektiborako gaurko deitutako lehen greba egunak jarraipen zabala izan du.

Azken astean eta ELAk egindako greba deialdiek sorturiko presioaren ondorioz mugimenduak egon dira: momentuz gelditu egiten da jantoki eta sukaldeen kudeaketa guraso elkarteen esku uzten zuen erabakiaren arautzea (eztabaidatzen jarraitzeko) eta horrela azaldu zigun Sailburuordeak atzo ELAk eskatuta deitu zuen urte betean lehen mahai negoziatzailean.

ELA sindikatutik prozesu osoaren gardentasun falta eta Jantoki ereduaren inguruko batzordean sindikatu bakarrak parte hartu izana salatu genuen, baita langile askoren lanpostu eta lan baldintzak arriskuan jartzen dituen erabaki baten berri prentsa bidez izatea ere. Balizko jantoki eta sukalde eredu aldaketa baten aurrean gure marra gorriak zein ziren ohartarazi genion Jaurlaritzari: langileen lanpostuak mantendu edota beharrezko lanpostu gehiago sortzea eta lan baldintzak mantendu edota hobetzea. Eta honen inguruko konpromiso bat exijitu genion gaiaren inguruan eztabaidatzen jarraitu aurretik. Hemendik aurrerako eztabaida ere zein eremutan eta zein eragilerekin emango zen galdetu genion, eztabaida horretan sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiak egon behar dugula argi utziz.

Bestetik, greba deitzera eraman gaituzten sektorearen egoera larria eta gure aldarrikapenak mahai gainean jarri genituen: pribatizazioa, %70eko behin-behinekotasuna %6ra jaisteko kontsolidazio prozesu adostu baten beharra, sektorearen profesionalizazioa, funtzio eta kategorien errekonozimendua, sukalde eta langile publikoak mantendu eta gehitzea, krisia aitzakiatzat erabiliz egin dituzten murrizketak atzera botatzea (%12ko eros ahalmenaren galera…), genero diskriminazioarekin amaitzea (soldata arrakala, lanaren errekonozimendua…) eta lan baldintza prekarioak duintzea (jardunaldi partzialak, lan kargak…).

Hala ere, eta espero bezala, Jaurlaritzak ez zien gure galdera eta eskakizunei erantzun, ez eta inolako konpromisorik hartu ere ELAk mahai gainean jarritako gaien inguruan eta beraz, asteleheneko langileen batzarrek berretsi bezala gaur greba egitea beste irtenbiderik ez zaigu geratu, azken urteetako esperientziak ondo erakutsi digun moduan hau baita Hezkuntza Saila beste norantza batean doazen erabakiak hartzera behartzeko modu bakarra.

Martxoaren 13an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat zuzenean lan egiten duten (pribatizatu gabe geratzen den %10a) ehunka langilek greba egin eta kalera atera dira Jaurlaritzari administrazioaren menpe dagoen sektore feminizatu eta prekarizatuenaren kudeaketa publikoa, kontsolidazio prozesu bat, murrizketei buelta eman, diskriminazioarekin amaitu eta lan baldintzak duintzea exijitzeko, baita pribatizazioa geratzeko ere.

ELAtik garbi daukagu, beti egin dugun moduan, aldarrikapen hauek lortu arte borrokan jarraituko dugula eta beraz, Jaurlaritzaren aldetik mugimendurik egon ezean martxoaren 28an berriro ere kalera aterako gara eta apirilean greba eta mobilizazioak areagotuko ditugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.