2020-07-17 12:32
2019ko azaroan gehiengo sindikalak eta patronal nagusiak akordio bikain bat sinatu zuten EAEko gizarte-ekimeneko ikastetxeen sektorerako. Akordioak eduki oso garrantzitsuak zituen, langileen lan baldintzak nabarmen hobetzen zirelarik. 29 greba egun barneratu zituen mobilizazio eta greba dinamika izan ziren akordio hura lortzeko gakoa. Hala ere, edukiak Lan Hitzarmenean adostutako baldintzetan txertatzea ez da erraza izan, patronalaren jarreragatik. Hala ere, sindikatuen borrokari esker blokeoa hautsi eta uztailaren 17an hitzarmena sinatu da.

Greba amaierako akordioaren edukiak Lan Hitzarmenean adostutako baldintzetan txertatzeko azken hilabetetako prozesua ez da erraza izan. Izan ere, patronalak, adostutakoa bere gain hartzeko ez baitu borondaterik adierazi, eta prozesua oztopatzen eta atzeratzen aritu baita etengabe. Lan Hitzarmenaren sinadurarako azken blokeo elementu nagusia lanpostua gal dezaketen langileen birkokapena lehenetsi gabe, bere aldebakarreko kontratazio politika mantentzeko patronalaren saiakera izan da.

Azkenik ordea, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok sinatutako greba amaierako akordioa ondo lotuta egoteak, eta sindikatuok azken hilabeteetan gauzatutako mobilizazio, salaketa publiko zein hezkuntza sailarekin egindako kudeaketak, sinatutako edukiak bere gain hartu eta Lan Hitzarmenean txertatu beste biderik ez die utzi patronalei. Birkokapenari dagokionez esaterako, lanpostua gal dezaketen langile guztiak birkokatzeko konpromezua bere gain hartu beste biderik ez dute izan, pasa den uztailak 15eko mahaian adierazi eta hitzarmenean jaso den bezala.

Horrela, gaurkoan, langileen ordezkaritzaren %90etik gorako ordezkaritza dugun eta greba amaierako akordioa sinatu genuen sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin akordio hark jasotzen dituen eduki bikainak txertatzen dituen Lan Hitzarmena sinatu dugu. UGTk ere, greba amaierako akordioa sinatu ez zuen arren, Lan Hitzarmena sinatu du.

Azkenean, greba eta grebalariei esker, 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe izan duten langileek beraien lan baldintzak nabarmen hobetzen dituzten edukiak jasotzen dituen Lan Hitzarmena lortu dute.

Hitzarmenak jasotzen dituen eduki nagusienen artean, garai batean gainditu ezin ziren oztopoak gainditzen dituzten edukiak daudela gogoratu behar dugu, hala nola:

  • Ia %9ko soldata igoera, zeinak galdutako erosi-ahalmenaren ia erdia berreskuratzea dakarren, soldata eta lan baldintzak finantzaketa publikoarekin lotzeko patronalen betiko asmoa gaindituz.
    kolektibo ezberdinentzat lan pertsonalerako ordu osagarrik aitortzea.
    Kolektibo desberdinentzat lanaldi murrizketak.
    %75ko lanaldiko erretiro partziala langile guztientzat, lanaldiaren % 100ean eta lan kontratu mugagabearekin errelebistak kontratatzeko dakarren betebeharrarekin.
    Matrikulazio jaitsieragatik lanpostua galduko duten langileak birkokatzeko betebeharra.

Hau horrela, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok langileok zoriondu nahi ditugu hain merezitako Lan Hitzarmena izango dutelako.

Aldi berean, sindikatuok adierazi nahi dugu, lanean jarraituko dugula sinatutako akordioetan jasotako konpromezuak bete daitezen.

Hitzarmenean jasotako eduki nagusiak:

Esparru prekarizatuenak eta feminizatuenak. Lorpen nagusienen artean, Hezkuntza laguntzako espezialisten jardunaldia urtean 97 ordu murriztuko da ( 1.390etik 1.293 orduko jardunaldira) eta astean ordu eta erdi izango dute koordinazio lanetarako (ordu bat lanaldi osoa baino lanaldi txikiagoa dutenentzat); HHko lehen zikloko langileei dagokienez, urteko lanaldian 45 orduko murrizketa izango dute (1.620tik 1.575 orduko jardunaldira), eta koordinaziorako urtean 125 ordu izango dituzte.

Birkokapena eta erretiro partzial aurreratua. Sektoreko langile guztiak barnebiltzen dituen prozedura eta irizpideak jasotzen dira, lanpostu galerarako zein birkokapenerako irizpide objetiboak eta jarraitu beharreko prozedura ezarriz. Ikasturte honetan lanpostua gal dezaketen langile guztiak birkokatzeko konpromezua ere espreski jasotzen da. Eta birkokapena eraginkorra izateko funtsesko elementua du: lanpostua gal dezaketen langileak birkokatu ahal izateko beharrezko lanpostu duinen sorrera ahalbideratzen du, adin bat duten langile guztiek erretiro partzial aurreratua %75eko jardunaldian hartzeko eskubidea izango bait dute eta ondorioz erretiroa hartzen duten langileen errelebista moduan lanaldi osoko behin betiko lanpostuak sortuko baitira.

Soldatak. 2017-2020 bitarte azken 10 urte hauetan galdutako eros-ahalmenaren ia erdia berreskuratuko dute langileek, zehazki KPItik gora 4 puntuko soldata igoera izango dute lau urtetan banatuta. DBHko lehen zikloan ari diren irakasle lizentziadunek DBHko bigarren zikloko soldata parekatzea ere izango dute.

Lan kargak arintzeko neurriak.

  • Irakasleek, lan pertsonalerako astean 3 ordu osagarri bermatuta izango dituzte zentroan egitekoak, eta urtean 40 ordu zenbatuko dira ikastetxetik kanpo egindako lanagatik.
  • Administrazio eta zerbitzuetako langileek urteko lanaldia 30 ordu txikiago izango dute (1585eko lanalditik 1555eko lanaldira) eta ordaindutako 2 egun libre izango dituzte.
  • Ordezkapenak: espero gabeko bajen ordezkapenak hirugarren egunetik aurrera egingo dira; esperotakoenak berriz lehen egunetik hiru egunetik gorakoak badira.

Lanbide Heziketa. Irakasleen jardunaldiaren banaketa negoziatuko da, ordu lektibo eta osagarrien proportzionaltasuna mantenduz; baita lan zentruetako formazioaren jarraipenerako asteko 6 ordu lektiboen banaketa ere tutore eta koordinatzailearen artean, gela edo tailerreko praktikaldietan 20 ikasle baino gutxiagoko geletan bi irakasleren presentziarekin batera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.