2020-11-23 13:35
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Haurreskolak Partzuergoan greba dinamikari hasiera emango diote; lehen bi egunak abenduaren 10ean eta 16an izango dira. Aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoan indarrean dagoen Lan Hitzarmena eta sinatuta dauden akordio desberdinak ez dituela betetzen onartu du Zorione Etxezarraga Partzuergoaren gerenteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.

Ikasturte honetan oraindik ez da deitu mahai negoziatzailea. Horregatik langileek argi utzi dute pazientzia agortu zaiela. 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dute. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu dute.

Greba deialdiaren erregistroan sektoreko ordezkariek nabarmendu dutenez, Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dira betetzen ari, eta, ondorioz, haur hezitzaileon eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jarri dira.

“Irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan lan-hitzarmen berrien negoziaziorako atea zabaldu denean, gurean oraindik aurrekontuek mugatuta gaude. Horrela, gure eskubideak zapalduta ikusten ditugu egunero eta, bitartean, Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergo publikoaren etorkizuna kolokan jartzen du”.

ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu dute. Era berean, Zorione Etxezarragaren dimisioa eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena exijitu dute. “Bada garaia Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua arduraz jokatzen hasi eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzen hasteko”.

Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, sindikatu hauek argi utzi dute haurreskoletako langileoi mobilizazioekin jarraitzea eta sakontzea beste biderik ez zaiela geratzen. Momentuz abendurako bi greba-egun deitzea adostu dituzte, abenduaren 10 eta 16an, honako aldarrikapen hauen baitan:

Haurreskolak Partzuergoaren gerenteari:

  • Lan-hitzarmen eta akordio desberdinak berehala betetzen hasteko konpromisoa har dezala: desplazamendu gehiago ez gauzatu, aparteko orduen erabilerarekin bukatu, ordezkapenak bete, e.a.
  • Hezkuntzako beste sektoreetan bezala, Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzeko konpromisoa.

Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Sailari:

  • Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen NBEen horniketan Haurreskolak Partzuergoa sartzea.
  • Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza Sailean.
  • Hurrengo urteko aurrekontua handitzea Legebiltzarrak eskatutako doakotasunean urratsak emateko, lan-hitzarmen eta akordioak bete ahal izateko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatu ahal izateko.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.