2020-01-24 11:49
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek agerraldia egin dute beste behin ere Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iragarritako azken neurriak eskasak eta urriak direla azpimarratzeko. “Berez, urtarrilaren 30eko greba orokorra babesteko beste arrazoi bat dira”, azpimarratu du Mikel Novalek, ELAren Batzorde Eragileko kidea, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta babesten duen sindikatuetako bat.

Hau da Bilbon egin den agerraldi publikoan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek irakurri duten agiria:

Azken asteetako gertaerek berretsi besterik ez du egin urtarrilaren 30eko greba orokorra erabat beharrezkoa dela. Batetik, Urkullu lehendakariaren ezezkoa jaso dugu (Chivite lehendakaria ez bezala), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen dugun erakunde sindikal eta sozialekin biltzeari uko egin baitio, grebak dituen aldarrikapenen inguruan eskumenik ez zuela argudiatuta.

Gezurra da hori, ordea. Izan ere, greba deialdia enpleguaren, pentsioen eta eskubide sozialen arloetan neurri zehatzak hartzera bideratuta dago, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, biek ala biek, horretarako eskumenak dituzte, hala nola:

• Behin-behinekotasuna ezabatzeko administrazio horietan, behin-behinekotasun tasa Europako buruan baitago, %40era iristeraino.

• Azpikontratatutako enpleguan subrogazio-eskubidea, gutxienez 1.200 euroko soldata eta gehienez 35 orduko lanaldia bermatzeko.

• Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko. Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarren txosten juridikoek aitortzen dituzte eskumen horiek.

• Soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzeko.

• Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako Herri Ekimen Legegilearen edukiak onartzeko, gizarte-prestazioei eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubideari buruzko neurriak jorratzen zituena.

• Zerga-politika iraultzeko, zerga-iruzurra desagerrarazteko eta errenta handiei, enpresei eta kapitalari zergak nabarmen handitzeko.

• Lan-harremanen esparru propio baten alde lan egiteko, lan- eta gizarte-legediari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartzeko.

Era berean, espainiar Estatuko Gobernuak, PSOE eta Unidos Podemosen arteko akordio programatikoaren edukiari jarraituz, pentsioei eragiten dieten neurri batzuk hartu ditu: 2020an %0,9ko igoera gauzatu du, bai, baina indarrean sartu du erretiro-adinaren atzerapena eta 2011ko erreforman adostutako pentsioen kalkulu-aldia ere. Lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokionez, patronalari beto-eskubidea eman dio, eta ondorioz, 950 euroan finkatu dute gutxieneko soldata, 1.000 euroan finkatuko zutela iragarri bazuten ere.

Neurri horiek ez diete erantzuten greba orokorraren eskaerei, eta gobernatzeko modu bat adierazten dute, non elkarrizketa soziala edo Toledoko Ituna bezalako tresnek murrizketak justifikatzeko edo eskubideen berreskurapena geldiarazteko zeregina berreskuratzen duten.

Edozein gobernuren aurrean eta edozein alderdi politiko agintean dela, lan eta gizarte eskubideen aitortzan aurrera egiteko ezinbestekoa da presio eta mobilizazio soziala. Ildo horretan, gutun bat bidali diegu CCOO eta UGT sindikatuei, eta dei egin diegu urtarrilaren 30eko deialdiekin bat egin dezaten, bakoitzak bere espazio eta planteamenduarekin.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra oso arrakastatsua izango da. Dagoeneko batzarretan parte hartzea erabaki duten milaka eta milaka langileen berariazko babesa jaso du. Era berean, greba-batzordeak lurralde osoan zabaltzeak eta horietan dozenaka gizarte-erakundek (sindikatuez gain) parte hartzeak mobilizazio-maila handia aurreikusten du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.