2019-10-16 13:14
Bi ebazpenek gaixotasunen laneko jatorria egiaztatu dutenez, alargun-pentsioak igo eta enpresa auzitara eramateko bideak ireki dira.

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak onartu berri du Tafallako Fagor Ederlan enpresako bi langile ohiren birika-minbizia amiantoarekiko esposizioaren zuzeneko ondorioa izan zela. Bi langile horiek 30 urtez baino gehiagoz jardun zuten enpresan, eta dagoeneko hilda daude. ELAk ontzat hartu ditu bi ebazpenak, patologiak lanbide-gaixotasun moduan hartu baitira. Horrela senideek ez dute auzitara jo beharko gaixotasunak aintzat hartzeko, eta berehala hasi ahalko dira beren aldeko prestazio-gainkarguak eta erantzukizun zibila eskatzen.

ELAk berriro ohartarazten du amiantoarekiko kontaktuaren ondoriozko lanbide-gaixotasunak goraka joan den gertakaria dela eta pandemia-maila ere hartu duela, XX mendearen bigarren zatian emandako enpresen erabateko arduragabekeria eta kontrol publiko eskasaren ondorioz. Gehienean kartzinogenoak diren patologien hauen latentzia-aldia 50 urte artekoa izan daitekeenez, osasun publiko eta laboraleko arazo nabaria dena nahita ezkutatua izaten ari da ELAren ustez. Arazo horri aurre egin ahal izateko, politika nahiz gizarte aldetik lehentasunezkoa izan behar da patologia horien prebentzio eta kontrolerako baliabideak eskaintzea, patologiak ikertu, garaiz antzeman, eta biktimen eta haien senideen ondorio larriak albait gehien arintzeko.

Alde horretatik ELAk eskatzen die enpresei amiantoaren ebazpenen eta epaien aurkako helegite gehiago ez jartzeko, horrek prozedura judizialak behar baino gehiago luzatu eta eraginpeko pertsonen sufrikarioa sakondu baizik ez baitu egiten. Gainera, eta Espainiako parlamentuaren borondaterik eza ikusita, ELAk Nafarroako Gobernua premiatzen du bertako konpentsazio-funts bat sortzeko beharrezko urratsak egitera, biktimei lehen unetik kalte-ordainak emateko, baina enpresak erantzukizunetik salbuetsi gabe.

Azkenik, oroitu beharrekoa da Nafarroako Parlamentuak, 2017ko irailean, ebazpen bat onetsi zuela, lurralde osotik amiantoa erretiratzeko; eta 2018an Gida Plan bat idatzi zela, xede hori 20 urtetan gauzatzeko. Hala ere, gaur arte ez da diru-baliabiderik bideratu horretarako. Horregatik ELAk erreklamatzen dio Nafarroako Gobernuari, lan-osasunaren dirua elkarrizketa sozialeko mahaiei eman beharrean, administrazio publikotik benetako politikak garatzera bideratzeko, tartean Nafarroatik amianto guztia erretiratuz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.