2020-07-15 13:00
Goiz honetan egindako bileran, sinatutako akordioei jarraituz, patronalek matrikulazio jaitsieragatik lanpostua galduko duten langile guztiak birkokatzeko konpromisoa hartu dute Uztailaren 16an birkokapen akordioaren jarraipen batzordea bilduko da birkokapen prozedura behingoz abian jartzeko

ELA, STEILAS, CCOO eta sindikatuen agiria:

Azaroan, lan gatazka gogor baten ondoren, gehiengo sindikalak eta patronal nagusiak greba amaierako akordio bikain bat sinatu genuen. Greba amaierako akordioa honek, besteak beste matrikulazio jaitsieragatik lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko betebeharra eta irizpideak jasotzen ditu.

Azaroko akordioa jarraituz, sektoreko patronalek eta sindikatuok birkokapen akordioa sinatu genuen Hezkuntza Sailarekin. Honela, matrikulazio jeitsieragatik lanpostua gal zezaketen langileak birkokatzeko irizpideak, baldintzak eta prozedura itxi genituen.

Hezkuntza sailarekin sinatutako akordioak, Sailak erretiro partzialak errazteko eta birkokapena ahalbidetzeko, erretiro hauen kostua bere gain hartuko duela jasotzen du; beti ere, patronalek eta hauek ordezkatzen dituzten ikastetxeek lanpostua galtzen duten sektoreko langileak adostutako erizpide objetiboen bitartez birkokatzeko konpromezua eta betebeharra bere gain hartzen duten bitartean.

Birkokapenaren inguruko akordio hauek argi ezartzen dute beraz, matrikulazio jaitsieragatik lanpostua gal dezaketen langileak birkokatzeko betebeharra. Azken hilabeteotan, erretiro partzialen kostua ordaintzeko gobernuaren finantziaketa jaso bai baina, lanpostua gal dezaketen langileen birkokapena lehenetsi gabe, bere aldebakarreko kontratazio politika mantentzeko saiakeran aritu da patronala. Hauxe izan da azken hilabeteotan hain zuzen ere, Lan Hitzarmenaren sinadurarako blokeo elementu nagusia.

Gaurko mahai negoziatzailean adierazi duten moduan ordea, patronalek matrikulazio jaitsieragatik lanpostua galduko duten langile guztiak birkokatzeko konpromezua hartu beste biderik ez dute izan. Birkokapen erreglamendua lantzen jarraitu eta adosteko konpromezua ere hartu du abenduko lehenengo asterako.

Bihar bertan birkokapen akordioaren jarraipen batzordea bilduko da birkokapen prozedura behingoz abian jartzeko.

Argi dago patronalek hartutako erabakiaren atzean, azken hilabeteotan gauzatutako mobilizazio eta salaketa publiko zein hezkuntza sailarekin egindako lanketaz gain, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok sinatutako akordioek ondo lotuta uzten duten birkokapenerako betebeharra dagoela, obligazio hau ez betetzeak ekarriko lukeen finantziaketa galerarekin batera. Sinatutako akordioen balioa eta bermea berresten ditu guzti honek.

Hau horrela izanik beraz, greba amaierako akordioko edukiak jasoko dituen Lan Hitzarmena sinatzetik oso gertu gaudela esan dezakegu.

Azkenik, sindikatuok adierazi nahi dugu, sinatutako akordioek ematen duten bermea argia izanik, ikastetxeren batek birkokatzeko betebeharra beteko ez balu, epaitegietara joko genukeela, mobilizazioak sustatuko genituzkeela eta hezkuntza sailari finantziaketa eteteko exijituko geniokeela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.