2019-04-03 17:32
Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta langileen eskaerei erantzunez gatazkari bide emateko erabakiak har ditzatela galdegiten diete berriro ere ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTk. Bestalde, 24. greba eguna izan da Gizarte Ekimeneko zentroetan eta aurreko egunetan bezala babes zabala izan du deialdiak. Grebalariak Kristau Eskolako egoitza aurrean elkarretaratu dira Donostian, egoera salatzeko eta bere ardura bere gain har ditzala eskatzeko patronalari.

Sindikatuen oharra:

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien atzo arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik. Gaur, 24. greba eguna sektorean, Kristau Eskolako egoitza aurrean, egoera salatzeko elkarretaratzea gauzatu dugu.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Atzoko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, atzo arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.