2018-12-19 17:38
ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon ustez onartezina da Patronalak gatazka honetan izaten ari diren jarrera oro har eta gaurko mahai negoziatzailean izan dutena bereziki. Onartezina da 4 greba egun ondoren, langileen aldarrikapenei gerturatzen zaizkien edukiak planteatu ordez, greba egunen aurretik jadanik mahai gainean jarritako proposamena errepikatzera mugatu izana abenduaren 19an egindako bilera berrian.

2017Ko Azaroan sindikatuok mahai negoziatzailetik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi. Hamaika bilera ondoren Lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen patronalek.

Urte bete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 9 greba egun gauzatu ditugu urte oso batean sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman diete patronalei, baina hauek ez dute inolako akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.

Azaroak 27tik 30era bitarte sindikatuok deitutako 4 greba egunen bezpera arte itxaron zuten mahai negoziatzailea deitzeko, mahaitik altxatu eta urte bete beranduago eta azken greba egunetatik hilabetera. Azaroak 16ko mahai hartan egindako proposamenak gehiago erantzuten zion greba egunak desaktibatzeko saiakera bati benetan negoziatu eta akordioa erdiesteko helburua zuen proposamen bati baino. Izan ere mahaira ekarritako proposamenak ez baitzuen apenas aurrerapausorik suposatzen 2017ko Azaroan, hau da, mahaitik altxatu ginenean mahai gainean jarrita zegoenarekiko. Azaroak 21ean eta posta bidez bigarren proposamen bat helarazi ziguten, aurrekoarekiko aldaketa esanguratsurik gabea hau ere.

Aurreko greba eta mobilizazioetan bezala, langileen aldetik babes zabala jaso duten 4 greba egun gauzatu ondoren, mahai negoziatzaile bat deitu dute. Greba aurretik egindako proposamen berbera mahai gainean jarri dute, inolako eduki gehigarririk gabe. Hau onartezina da eta agerian uzten du akordioak erdiesteko patronalen aldarterik eza.

Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea mahaitik altxatzera eraman gintuen egoera berdinera itzultzeko, edukirik gabeko bilera kate batera alegia. Patronalak aldiz, ez dira dagokien arduraz jokatzeko ari, eta izaten ari diren jarrerak akordioetara iristeko benetako asmo bati erantzun ordez, mobilizazioa desaktibatzeko ahalegin soil bati erantzuten diote. Publikoki negoziaketarako borondatea dutela adierazten duten arren, langileen aldarrikapenei erantzuten dioten edukirik gabeko planteamendu berdintsuak errepikatzen jarraitzen dute, negoziaketa itxura eman nahian inolako aurrerapausorik ematen ez duten bitartean.

Sektoreko langileok ia hamar urte daramagu hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxeetan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Hau horrela izanik, ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGT sindikatuoi ez digute mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik utziko sindikatu guztiok adostutako plataforma bateratuan jasotzen diren edukien inguruko proposamen seriorik ez dagoen bitartean.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.