2018-09-20 12:15
"Gizarte-ekimeneko ikastetxeetako patronalak erabat geldirik daudenez, ikasturte honetarako jadanik aurreikusitako greba eta mobilizazioekin jarraitu beste biderik ez digute utzi" aldarrikatu dute gaur goizean ELA, LAB, EILAS, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek Bilbon. Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunek (Martxoak 20 eta maiatzak 15-16) erantzun zabala jaso zuten sektoreko langileen aldetik, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izan baitzen.

 

Sindikatuen Agiria:

Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean joan ziren langileak; horrela, ikastetxe batzuetako zuzendaritzek, grebalarien legez kanpoko ordezkatze bidez zein proportzioz kanpoko deskontu bidez, greba indargabetzeko eta langileak greban atzera botatzeko saiakera gauzatu zuten arren, kidegoa guztira 9.000 langilekoa bada, 5.600 langile inguru bildu ziren agerraldietan.

Hala ere, sektoreko patronalek, (Kristau Eskola eta AICE-IZEI), ez dute ezta zirkinik ere egin negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun. Agerikoa da beraz, hauen negoziaketarako aldarterik eza.

Egoera honen aurrean, eremu honetan ordezkaritza dugun sindikatuoi, ikasturte honetarako adostutako eta Ekainean publiko egindako mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez zaigu geratzen. Beraz, ikastetxeetako langile guztiak animatu nahi ditugu datozen Urriak 9 eta 10eko grebak babestu eta antolatuko diren ekintzetan parte hartzera. Baita ikastetxeetan bultzatzen ari garen batzar eta elkarretaratzeetan zein borondatezkoak ez diren zereginetan planto egiteko kanpainan parte hartzera ere benetako negoziazioari ekiten ez dioten bitartean.

Sektore honetako langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gure eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eroste-ahalmena berreskuratzea.

1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea.

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte...

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.