Sindikatuen oharra:
Hamar urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, ez bakarrik gure lan baldintzetan, baizik eta baita ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere.
Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.
Patronalek ordea geldirik jarraitzen dute; ez digute deitu, ez eta proposamen berririk egin ere. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azken egunotan egiten ari diren adierazpenak adierazpen, mahai gainean dagoen proposamenak berdina izaten jarraitzen du; ez dago inolako aurrerapausorik. Beraz, mobilizazio eta grebekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute uzten.
ELA, STEILAS, COOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.
Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.