2018-10-10 11:35
Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bosgarren greba egunak ere langileen gehiengo zabal baten babesa jaso du, urriaren 9an izandakoaren antzekoa, alegia, %65etik gorako jarraipena izan du. Aurrekoan Bilboko manifestazioan ia 6.000 langilek hartu zuten parte, eta oraingoan hiru lurraldetan izan direnak ere oso jendetsuak izan dira, hirurak batuta oso antzeko parte hartzea erakusten dutelarik. ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT-ko ordezkariek azpimarratu dute patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzungo dioten edukiak mahai gainean jarri ezean, langileek mobilizazioekin jarraituko dutela.

Sektorean 9.000 langiletik gora egiten du lan. EAEko itundutako ikastetxeen %70 inguru da eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. Ia hamar urte daramate hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino.

Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Sindikatuok patronalei luzatutako aldarrikapenek egoera eta arazo horiei erantzutea dute helburu. Beraz, aldarrikapen hauei erantzungo dioten edukiak mahai gainean jarri ezean, mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste erremediorik ez digute utziko.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.