2019-10-11 12:39
Urriaren 7an hasi eta 18an bukatuko den Gipuzkoako erresidentzietako grebalarien martxa Arrasatera heldu da. Gipuzkoa osoa zeharkatzen ari dira langileak gatazkaren berri eman eta konponbidea bilatze aldera.

Urriaren 7an Donostian hasi zen martxa eta dagoeneko Beasain, Ordizia, Zumaia, Zarautz, Irun, Eskoriatza eta Arrasateko kaleak zeharkatu dituzte langileek euren egoeraren berri emanez. Lan hitzarmenaren alde 100 greba eguneko langa gaindituta, argi daukate gatazka luzatzen ari dela emakumeak direlako. Izan ere, martxaren hasieran azaldu bezala, zaintza historikoki emakumeen bizkar gainean izan denez eta, gainera, debalde egin denez, lan hori etxetik kanpora atera denean ere ez da lana kontsideratua izan, beraz, soldatak eta lan-baldintzak ere kaxkarrak izan dira, ia ia musutruk zaindu behar denaren ideian sakonduz. Datuak dituzte lagun: Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dute, 6.000 euro gutxiago urtean, “emakume izate soilagatik”, behin eta berriz gogorarazi dutenez.

Halere, Gizpuzkoako erresidentzietako langileen borroka lan gatazka hutsa baino askoz gehiago dela nabarmendu nahi izan dute herriz herri egindako martxan. Zaintza bere dago jokoan, adinekoei eskaintzen zaien zaintza. Behar bezalako arreta eskaini ahal izateko ere ari dira borrokan langileak, modu duinean zaindu ahal izateko, hain zuzen ere.

Gogoratu ere Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari direla. 2017an ekin zitzaion negoziazioari, orain dela bi urte; gaur egun, oraindik ere, egoera hankaz gora dago. ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin akordia lortu zuen, baina Gipuzkoako Diputazioak ez du bere gain hartu nahi. Zentzu horretan, insituzio publikoari dei egin diete korapiloa askatzeko urratsa behingoz eman dezan. Martxa Donostian bukatuko da urriaren 18an. 

Ikusi hemen Gipuzkoako martxaren irudiak

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.