2019-11-21 17:44
Gipuzkoako zahar-etxeetako ehun bat grebalarik Madrilen larunbat honetan (hilak 23) deituta dagoen manifestazioan parte hartuko dute. Deialdia Madrilgo erresidentzietako erabiltzaileen senideek eta langileek egin dute, lan baldintza eta zerbitzua hobetzeko aldarrikapenaz. Manifestazioa arratseko 6etan Cibelesetik abiatu eta Puerta del Solen bukatuko da.

 Martxa honen antolatzaileak Gipuzkoako erresidentzietako langile grebalariekin harremanetan jarri dira, martxari babesa eta elkartasuna eskatzeko. Honez gain, Gipuzkoan duela hilabeteak aurrera eramaten ari diren greba eta borrokaren berri lehen eskutik azaltzeko eskatu dute, azken finean, helburu bera lortu nahi da, Gipuzkoako egoitzetan lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea.

Hori dela eta, Gipuzkoako ehun bat langile grebalarik parte hartuko du martxan eta amaieran, bertan daudenei azalduko diete, beren borrokaren zergatiak eta erabiltzaileen senide eta langileen arteko aliantzen garrantzia, egoitzetan gaur egun dagoen egoera larria aldatzeko.

Azpimarratuko dute, halaber, zaintza sektorean lan eta bizi baldintzen duintasuna lortzeko eta gure erakundeek zerbitzu publikoekin negozioak egiteko duten apostua errotik aldatzeko bide bakarra mobilizazioa eta greba direla.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.