2019-03-01 13:48
Gipuzkoako zahar etxe eta eguneko zentroetako grebalariek Bizkaiko beharginen babesa eta elkartasuna jaso dute. Donostian egindako ekitaldian, 378 egunen ostean garaipena eskuratu zuten Bizkaiko emakume grebalarien elkartasuna jaso dute. Ekitaldian, ELA Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu zaio. Gogora ekarri duenez, dagoeneko badago aurrekoakordioa patronalarekin, beraz, orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren txanda da.

Bizkaiko erresidentzietako uholde berdea more bilakatu da Donostian. Izan ere, Bizkaiko grebalariak Gipuzkoako hiriburuan izan dira, greban diren bere kideei babesa eta elkartasuna adierazteko. Bizkaiko grebalariek gogorarazi dutenez, eredugarria da borroka sindikal eta feminista hau, sektore feminizatu eta, ondorioz, prekarizatu guztientzat ikur eta eredu bilakatuko dena. Zaintzaren sektore feminizatu eta prekarizatua iraultzeko bidean tinko mantentzeko deia egin diete bizkaitarrek gipuzkoarrei. Indar metaketa ere irudikatu dute kamiseta berdeak eta moreak elkar trukatuz. 

Jarraian, kamiseta berde eta moreak jantzita, Gipuzkoako Foru Aldundia inguratu dute, azken honek gatazkaren konponbidean duen erantzukizuna bere gain hartu dezan exijitzeko. M8, Emakumeen* Nazioarteko Egunaren atarian, ELAk Diputazioari gogorarazi dio benetako berdintasunaren alde badago, ekitaldi eta hitzaldietan egiten duen propaganda feministan esan ohi duen bezala, benetako aukera duela berau praktikara eramateko. Izan ere, jakina denez, erresidentzietako zerbitzua publikoa da, baina %90ean pribatizatua dago. Hortaz, Diputazioak ezin dio bere erantzukizunari muzin egin. Eta ezin aipatu gabe utzi langilegoaren gehiengoa emakumeak direla.

Hortaz, erakunde publikoek zinez emakume eta gizonen berdintasuna erdietsi nahi badute, aukera paregabea dute mahai gainan. Izan ere, ELAk berretsi egiten du egon badagoela akordioa patronalekin gatazka honi irtenbidea emateko, baina berau gauzatzeko ezinbestekoa dela Diputazioaren partehartzea. Kontrako norabidea hartu du, ordea, Diputazioak. Bada, behin aurrekoardioa lortuta zegoela onartezina da patronalak atzera egitea diputazioaren presioagatik. Argi dago alde biak, bai patronala, bai Gipuzkoako Foru Aldundia, gezurretan ari direla.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.