2020-10-01 15:35
Adinekoen eskubideen Nazioarteko Egunean, zahar egoitzetako erabiltzaileen senideak batzen dituen Gipuzkoako Senideak elkarteak kontzentrazioa egin du Gipuzkoa Plazan, Donostian, lan-baldintza hobeak eta hirugarren adinekoen egoitzetan kalitatezko zerbitzua eskatzeko. Langileek 240 greba egun baino gehiago daramatzate greban, sektorerako hitzarmen duin baten alde borrokan.

Egoitzetan pandemia bereziki gogorra izan dela jakinda ere -170 hildako baino gehiago eta ehunka langile kutsatuta-, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta enpresek sektoreari erantzun egokirik eman gabe jarraitzen dutela adierazi dute. Salatu dutenez, lehendik ere langilego falta arazo estrukturala bazen ere, are gehiago okertu da orain, lan-kargak handitu direlako zentroak berregituratu direnetik.

Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Senideak, Irauli Zaintzak, ELAk eta LABek urriaren 6rako deitu duten manifestazioarekin bat egin dute. Mobilizazioak bat egingo du bi sindikatuek egun horretarako egindako greba deialdiarekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.