2019-09-13 12:41
Azken urteetan Gipuzkoan turismoak izan duen hazkundearekin batera, ostalaritzaren sektorea ere sendotu egin da, beti ere, lan baldintzen kontura. Hala salatu du ELAk Donostian egindako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, Gipuzkoako ostalaritzak ia 10 urte daramatza hitzarmenik gabe eta gertatzen ari den turismoaren gorakada langileen lan baldintzen kontura ematen ari da. Gehitu dutenez, onartezina da Gipuzkoako hiriburuak Turismoaren Mundu Erakundearen sariak jasotzen dituen bitartean, bertako jatetxe zein tabernetan langileen esplotazioa eguneroko kontua izatea.

Ostalaritzako hitzarmena berritu ez izanak langileengan ondorio larriak eragin dituela gaineratu dute, besteak beste, %10eko erosahalmena galtzea eta kontratazio berri gehienetan gutxieneko soldata aplikatzea. “Argi dugu onartezina dela jatetxe eta tabernetan gutxieneko soldata ordaintzea lanaldi amaigabeen truke. Gipuzkoako bizi baldintzak geroz eta altuagoak direnean ostalaritzako langileek geroz eta lan baldintza txarragoak dituzte”, baieztatu dute ELAko ordezkariek.

Gipuzkoako Ostalaritzako Elkartea jo du erantzute nagusitzat, langileen lan baldintzak konpontzeko giltza baitu. “Azken hilabetetan izandako negoziazio mahaiak ez du fruiturik eman eta gure partetik indar guztiak jarri ditugu egoera hau salatu, desblokeatu eta iraultzeko. Ez dugu honelako turismo eredurik nahi, ez dugu gipuzkoarron lan baldintzak okertzen dituen turismorik nahi eta honen aurka borrokatzen jarraituko dugu”, adierazi dute irmo.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.